Goiz kronika asteburua
AKORDIOA HEZKUNTZA LEGEAN
Pello Otxandiano: "Nahitaez euskara ardatz duten murgiltze ereduak ezarri beharko dira ikastetxeetan"
Amaia Arostegi | EITB MEDIA
Hezkuntza legearen oinarrien inguruko akordioa lortu biharamunean, Pello Otxandiano EH Bilduko programa arduraduna izan da Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan.
-
Pello Otxandiano
10:09 min
Bidea luzea izan den arren, hezkuntza legearen oinarrien akordioa itxi zen atzo ezohiko adostasunarekin: EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin. Gaur, Pello Otxandiano EH Bilduko programa arduradunak itunak jasotzen dituenak aletu dizkigu Euskadi Irratian, besteak beste, atzo eztabaida iturri nagusi izan zen euskarak hezkuntzan behar duen zentralitatearen ingurukoak. Argi du Otxandianok B2 maila helburu jarrita derrigorrezko hezkuntzaren amaieran, "nahitaez euskara ardatz duten murgiltze ereduak ezarri beharko direla ikastetxeetan".
Ereduen sistema gaindituta, ikastetxe bakoitzak landu beharko du bere hizkuntza proiektua. "Murgiltze ereduaren alde egiten genuen, eta akordioan ez da murgiltze eredurik. Baina, egia da hizkuntza ereduen paradigma gainditu dela, eta guretzat inportanteena den zerbait: DBH amaitzean zein den ikasleek izan behar duten hizkuntza maila, hau da, B2 maila. Horrek ondo zehazten du zein izan behar den euskararen presentzia ikastetxeetan. B2 maila erdietsi nahi bada, ezinbestekoa da ikastetxe proiektuetan euskara ardatz duen murgiltze ereduak ezartzea. Beti ere, ikastetxea dagoen egoera soziolinguistikoa kontuan izan behar da, gutxien duenari gehiago emateko. Hau da, etxetik euskara gutxi ekartzen duenari baliabide gehiago jarri beharko zaizkio. B2 mailara heltzeko, ezinbestekoa da horrelako planteamenduari heltzea", esan du.
EH Bilduren Mahai Politikoak akordioaren balorazioa egin ondoren, datorren launbatean, martxoak 26an, koalizioaren oinarriek akordioa berretsi beharko dute Batzar Nazionalean.
"Guk planteatzen genuenetik oso gertu dago lortu den hezkuntza akordioa. Euskal hezkuntza zerbitzua zen gure helburuetako bat. Hor egon ahal izateko ikastetxeek baldintza batzuk bete behar zituztela. Baldintza horiek ongi zehaztuta egotea lortu dugu", esan du Otxandianok.