Goiz kronika asteburua
OSASUNA
Zubia: "Etikaren ikuspuntutik osasun langileok txertatu egin beharko genuke, batez ere, ahulenak babesteko"
ALOÑA BERAZA PEÑA | EITb Media
Koronabirusaren aurkako txertoa hartzearen derrigortasunak eskubideen talka dakarrela azaldu du Felix Zubia medikuak. Hala eta guztiz ere, etikaren ikuspegitik osasun langileek txertoa jarri beharko luketela uste du.
-
Felix Zubia artxiboko irudi batean
3:33 min
Txertoa jartzearen derrigortasunaren inguruko eztabaidak ertz asko ditu Felix Zubia Donostiako Ospitaleko zainketa berezietako buruaren iritzian. Hala ere, "etikaren ikuspuntutik", ez du zalantzarik mediku zarauztarrak, eta osasun langileek txertoa hartu beharko luketela uste du.
Euskadi Irratiko Goiz Kronikan emandako azalpenetan, beste behin, txertoaren eraginkortasuna azpimarratu du eta, horrenbestez, uste du ahulenei edo egoera zaurgarrienean daudenei babesteko modurik eraginkorrena dela osasun langileak txertatzea.
Erietxeetako presioa altua da, eta Zubiak aurreratu du egoera egonkortu arte, oraindik, aste batzuk emango dituztela okupazio maila altuetan. Profila ere aldatu da olatu honetan, eta aurreko olatuetan ez bezala, gero eta gehiago dira koronabirusarekin kutsatuta ZIUetara iristen diren gazteak.
Koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosiaz ere aritu da zainketa berezietako burua. Hirugarren dosiaren babesa frogatu gabe dagoela azaldu du, eta pandemia globalari erantzuteko mundu mailako txertaketaren beharra nabarmendu du.