Itxi

Faktoria

Kirola lgtbi komunitatea

Zergatik ez da zelaian futbolari homosexualik? Emakume futbolari guztiak al dira lesbiana?

Amets Castrejana errugby jokalari ohi, entrenatzaile eta Euskal Herriko Unibertsitatean kirolaren ikerlaria, Olaia Eizagirre palista eta emakumeen kirolari buruzko tesigilea eta Ixiar Eratsun Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikaria estigma, gorroto delitu eta lgtbiq+ komunitatearen kirolaz

  • Futbolari bat ortzadar koloreko kamiseta soinean duela

    Futbolari bat ortzadar koloreko kamiseta soinean duela

    26:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

Askotariko Sakana, Aniztasuna ereiten programaren barruan, kirol esparruan ematen den lgtbiq+ fobiaz jardun dute eta bertan egindako zenbait gogoetatik abiatuta aztertu digute hiru adituek kirolean sexu adierazpenarekin gertatzen dena. Gizonezko futbolari profesionalen artean homosexuala dela publikoki esaten duenik zergatik ez den galdetuta, futbola maskulinitatea eraikitzen duen espazio bat dela dio Amets Castrejanak. Are gehiago, umetatik gizonera pasatzeko erritua egiteko ere futbola baliatzen dela dio berak eta hori horrela izanik, nahiz eta lgtbi friendly izateko keinu batzuk egin futbolean, oraindik zelaietan marikoi, jokatzen neska ematen duzu eta antzekoak entzuten direla dio.

Olaia Eizagirre futbol jokalari izan zen urte batzuetan. Palan jokatzen du gaur egun eta nesken entrenatzaile ere bada. Futbolean maskulinitate hegemonikoa nagusi dela dio eta maskulinitatea adierazteko plaza dela, agresibitatea, lgtbifobia, emakumeekiko zapalkuntza etab. Hori horrela izanik marko itxi horretatik atera ezkero, zigortu egingo zaituztela dio berak. Aldi berean, emakumea bazara, lesbiana edo marimutiltzat hartuko zaituztela dio.

Ixiar Eratsunek dio berez legeak badirela gorroto delituak kirolean zigortzeko, baina ez direla aplikatzen eta partiduen aktetan ez direla erasoak jaso ere egiten dio. Horregatik, formazioa beharrezkoa dela. 

Emakume palistei buruz galdetuta, frontoia oso eremu maskulinoa dela dio Olaia Eizagirrek, eta oraindik ere, jaialdiak antolatzen dituztenean, mutilen partiduetan harmailak betetzen direla baina nesken partidua iristen denean guraso jendeak ere alde egiten duela tabernara. Neskei elkar hartu eta indarra egiteko esaten die berak.

Kirol eremua lgtbi komunitatearentzat ez dela segurua erantsi du Amets Castrejanak. Berak ez du bere burua eredu edo erreferentetzat, baina entrenamentu eta aldagelak esparru seguru sentitzeko lagungarri dela ere bai. Entrenatzaile lesbianak ez direla lesbianizatzaileak erantsi du erdi brometan, erdi serio eta berak ere izan zuela kezka ea guraso jendeak bera nola hartuko.

Kirolari ez binarioez jardun dute hirurek azkenik, eta aldageletan sor daitezkeen desorosotasunen aurrean, espazio konpartitu eta intimoak beharrezkoak direla uste dute eta gaur egungoak berrikusi beharra dagoela.