Faktoria
Donostiako alkatea
Eneko Goia: "UEFAren jarrera ez da batere eraikitzailea izan, entzungor egin dute"
Donostiako alkateak UEFAren axolagabekeria salatu du baina Realarekin neurriak landu dituztela argitu du segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, fan zonaldea eta ibilbidea erdigunetik urrunduz.
-
Eneko Goia
25:16 min
Eneko Goia Donostiako alkatea kezkatuta mintzatu da Realak eta Ajaxek gaur duten partidaren aurrean. Meeting point delakoa Kursaalean jarri dutela eta ibilbidea Reale-Arenaraino erdigunea saihestuz egingo dutela aurreratu du baina halere, onartu du "ezin dela inor behartu alde batetik edo bestetik joatera". 100 eta 150 zale ultra etorri daitezkeela uste dute baina ezin kopuru zehatza jakin, asko bere kabuz etortzen direlako eta inork ez duelako haien berri.
Intxaurrondoko salestarren komentuan eraikiko duten bost izarreko hotelaz ere hitz egin du: hotel gehiago ez zabaltzeko dekretua kaleratu baino lehenagotik datorrela adierazi du eta erantsi du, "dekretuak ez diola gainera eragiten, hotelez saturatutako zonaldetik kanpo dagoelako". Halere Donostian eragina izango duen galdetuta, Goiak erantzun du, "berdin eragiten dutela Astigarragan edo Hernanin eraikitzen direnek ere".
Etxebizitzen eta alokairuaren krisiaz galdetuta, hiru hilabeteko epean espero du Jaurlaritzak argi berdea ematea Donostia zonalde tentsionatua izendatzeari. Bere iritziz eragin txikia izango duela berretsi du eta gaineratu du kezka handiagoa eragiten diola legea indarrean sartu denetik izan den alokairu eskaintzaren jaitsierak. Etxebizitza publikoak eraikitzeko asmoz, Jaurlaritzarekin etengabe harremanetan daudela azpimarratu du, udala prest dagoela lagapenak egiteko. LOIOLAko kuarteletan eraikitzen hasteko behar duten baimenaz jakinarazi du bide ez ofizialetatik badutela jada Ministerioaren aldeko erantzuna baina onartu du zai daudela, eskriturak sinatu arte.
Egiako afari solidarioen harira sortutako gatazkari buruz bestalde onartu du, behin haiek debekatuta, beste leku batzuetan ere badutela kezka, oraindik gatazkarik ez bada izan ere. Erantzunak maila globalean izan behar duela erantsi du, ezin dela hiri baten bizkar utzi, "beste herrietako jendea ere etortzen delako Donostiara eta hori ez da justua".
Azkenik, Mikel Zabalzaren oroimenez asteburuan Intxaurrondon jarriko duten plakaz, argitu du familiaren nahiari jarraituz erabaki dutela kokapena eta hori dela errespetatu behar dena: "egia da gainera, oraindik ez dagoela argituta non hil zen eta hantxe ikusi zutela azken aldiz bizirik".