Faktoria
GOIETATIK BARRENERAKO GARAIA
Puy Arrieta eta Jon Etxebarria: "Gurea bukatzen ari da; mendia eta ganadua kudeatzeko jakintza galtzear da"
JON ARTANO IZETA | EITb Media
Aldaminapeko txabolatik, Gorbeiako goi larreetatik, Ipiñaburura jaitsi dute artaldea Arrietak eta Etxebarriak, udagoienean, urtero, egiten duten legetxe. Euregaz egin du bidearen zati bat Faktoriak.
-
Isaak Egiluz, Puy Arrieta eta Jon Etxebarria, artaldea jaitsi ostean
23:43 min
Ofizioa baino, naturaren zikloekin batera doa bizimodua da artzaintza Arrieta eta Etxeberriarentzat. Eta ziklo aldaketa gauzatzen den egunean Euskadi Irratia hartu dute beren etxe inguruan.
Otsoa eta abeltzaintzaren elkarbizitza bermatzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen planaz galdetu diegu. "Plana... plana paperean egiten da erraz; baina hemen, mendietan, plan gutxi dago" ebatzi du Etxebarriak. Uda gaitza izan da beretzat, bi erasotan hamar-hamaika ardi hil dizkie otsoak. Zama erantsi bat, zama astuna. Duela pare bat hamarkada Gorbeiako alde horretan "zortzi-bederatzi pastore egongo ginen; gaur gu bakarrik gagoz".
Arrietak aitortu digu ez duela maite otsoaz publikoki berba egitea. "Guk ardiei buruz berba egitean bihotza sartzen dugu eta otsoaren gaia oso mingarria da ikusten baitugu jendeak ez duela ulertzen guk bizi duguna, guk sentitzen duguna... otsoa da beste arazo bat, mendia abandonatzera garamatzana".