Faktoria
EUSKADI IRRATIA
Otxandiano: "Autogobernuaren eztabaidari ekiteko abiapuntua definitu behar da"
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen ustez, "hau da momentua" autogobernuaren eztabaidan aurrera egiteko. Horretarako, abiapuntua zein den argitzea falta dela uste du, eta hori bota du faltan EAJ-PSE akordioan.
-
Pello Otxandiano, gaur, Euskadi Irratian
"PSE-EEK argiki adierazi zuen inbestidura saioan zein den bere jarrera autogobernuaren eztabaidaren inguruan. EAJk, ez. Gure kezka da PSE-EEk ez ote duen gai honetan pausua markatuko". Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunaren hitzak dira, abiatu berri den legealdiko erronken inguruan galdetuta. Argi du autogobernuan sakontzeko eta estatus berri baterako bidea egiten hasteko unea dela, baina eztabaida horren lurzorua zedarrituko duen abiapuntua zein den argitzea ezinbestekoa dela iritzi dio. Zentzu horretan, elkarlanerako eskua luzatu dio, berriro ere, Imanol Pradales lehendakari izendatu berriari.
Azken urteotan, autogobernua nabarmen "debaluatu eta mutilatu" dela esan du, eta gogoeta horrek egon beharko luke, Otxandianoren hitzetan, eztabaidaren abiapuntuan. "Uste dut 2018an Autogobernuaren Lantaldeak adostutako oinarrizko printzipioak abiapuntu egokiak direla. Hortik adostasun batzuk eskuratu behar ditugu Legebiltzarrean bertan".
Buruzagi subiranistak aitortu du joan den asteko inbestidura saiotik "kezkatuta" atera zela, bereziki, Jaurlaritza berriak autogobernuaren gaiaren inguruan hartuko duen "jarrera definitzeke" ikusi zuelako. "Jarrera hori uler dezaket EAJren eta PSE-EEren arteko ezberdintasunak hain handiak izanda gai honetan, baina galdera da: zein da aintzat hartuko den oinarria aurrera egiteko? Hori falta dela iruditzen zait", gehitu du.
Akordiorako gakoak "aldebikotasun efektibo bat eta berme sistema bat" liratekeela zehaztu du. Esan duenez, horrek esan nahi du "arkitektura juridiko berri bat" eraiki behar dela, eta "Estatuarekin dugun harremana birdefinitu". "Eztabaida ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik".
Zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrean akordioak "familia abertzaleen" artean ondu behar direla azaldu du, eta hortik, ahalik eta adostasun zabalena bilatu. "Norbaitek buruan badauka EAJ eta PSEren arteko akordioarekin joatea Madrilera, orain arte esandako guztien kontra egingo luke. Gehiengo abertzalea daukagu Legebiltzarrean, % 72 gara".
Otxandianorentzat, aprobetxatu egin behar da Espainiako Gobernuaren aldi hau. "Presak ez dira behar, baina aldi hau baliatu behar da. Sanchezen gobernuaren zaurgarritasuna nabaria da, baina ez dago estabilitaterik ez munduan, ez Europan. Espainiako presidenteak berak azaldu du lurraldetasunaren eztabaidari heltzeko borondatea".
Pradalesek osatu duen Jaurlaritza berriari buruz, berriz, Otxandianoaren lehen inpresioa da "inoiz baino sail gehiago" daudela. "Ikusi beharko da antolaketa modu horrek zer ematen duen. Arriskua da departamentalizazioarena, zeharkakotasun gutxi izatea, baina hori denborak esango du. Ondo hartutako erabakiak ere badaude: Unibertsitate saila Hezkuntzatik ateratzea eta Emakunde lehendakaritzara bueltatzea... Halaber, ez dakit sailburu denak euskaldunak diren. Hori horrela ez bada, arazo baten aurrean gaude".