Itxi

Faktoria

Nafarroara itzuli

Manhattandik Iruñera itzuli da Jon Lizarraga. Munia El Marhoum Lakuntzatik Aarhusera joan da, Danimarkara

Nagore Telleria Eizagirre | EITB Media

250 lagun inguruk jo dute bi urtean "Next Retorna Nafarroa"ra, atzerrian bizi eta bueltatu nahi duten nafarrak artatzeko gobernuak eskaintzen duen zerbitzura. Iñaki Martinez de Virgalak, Kanpoan diren Herritarrekiko Harremanen buruak hartu gaitu bertan eta bueltaz jendeak dituen kezkak azaldu.

  • Nagore Eslava, Iñaki Martinez de Virgala eta Jon Lizarraga

    Nagore Eslava, Iñaki Martinez de Virgala eta Jon Lizarraga

    31:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Kanpoan bizi eta bueltatzea pentsatzen ari direnek dituzten zalantzak argitzen dituzte. Lege aholkularitza eman eta  informazioa jartzen diete eskura.Leihatila bakarrean hartzen dituzte herritarrak eta egin beharreko tramiteak egiteko informazioa eman. Lan baimenak, ikasteketen homologazioa, edo familia elkartzeari buruzko galderak izaten dira gehienak.  Kanpotik dirua nola ekarri, ogasunari buruzko galderak edo pentsioa edo langabezia laguntzari buruzko kezkak ere asko izaten dituztela kontatu digu.

Nafarroan jatorria izan eta kanpoan bizi diren ondorengo dexente ari dira jotzen Next Retornara galdezka, beren arbasoen agiriak nola eskuratu jakin nahi dutelako, Nafarroara joatea eskatu ahal izateko.

Jon Lizarragak hamabi urte egin ditu New Yorken ikusentzunezkoen sektoreko errodajeak hirian kudeatzeko zerbitzuan. Senarra Estatu Batuarra du eta pandemian hasi ziren pentsatzen Iruñera joan nahi luketela, Jonen familiarengandik gertu bizitzeko. Next Retornakoengana joan zen galdezka. Pasa den uztailean bueltatu ziren, segituan topatu zuten etxebizitza eta orain hilabete hasi da Jon lanean Zizurren, aholkulari gisa, nazioarteko lankidetzako Europa mailako proiektuen aholkulari.

CPEN, Nafarroako Korporazio Publikoen Elkartean komunikazio sailean ari da lanean Nagore Eslava. Nafarroan batez ere ingeniariak behar direla kontatu digu. Elkartea hain zabala izanik lan eskaintzak asko aldatzen dira, astero berritzen direala dio. Momentuan, telekomunikazio ingeniariak, ingurumen espezilistak, euskara irakasleak eta teknikari juridikoak behar dituzte.

Munia El Marhoum Lakuntzarra Danimarkara graduondokoa ikastera joan zen, praktikaldia bertan egin zuen eta Aarhusen geratu da lanean. Energia berriztagarriak kontrolatzeko softwareak egiten dituen enpresa batean ari da lanean. 200 behargin inguru dira, 14 herrialdetako langileak dituzte, enpresak 7 herrialdetan egoitzak ere baditu, eta enpresa barruko komunikazioan egiten du lan Muniak. Gustora dago Munia Danimarkan. 24 urte ditu eta oraingoz bertan geratzeko asmoa du, baina ez du baztertzen egunen batean Nafarroara itzultzea. Bai Jon Lizarragak eta Munia El Marhoumek, biek dute argi kanpoan lan bizitza eginda profesionalak bueltatzeko bideak erraztu behar direla, talentua bueltatu dadin.

Next Retorna Nafarroan, atzerriak bizi eta bueltatu nahi dutenak bakarrik ez, atzerrian bizi baina Nafarroarekiko loturari eutsi nahi diotenentzako zubiak ere eskaintzen ditu.