Itxi

Faktoria

Iparra galdu. Hegora joan.

Zergatik ari da Saudi Arabia guztia erosten?

MIkel Rotaetxe | EITb Media

BRICS taldean sartzear da eta aurrez ikusi gabeko inbertsioak ari da egiten Saudi Arabia. Futbol izar, talde eta txapelketak erosi ditu; telekomunikazio eta bideojoko enpresak; eta baita banketxeetako partizipazioak ere. Riaden bizi den Iñigo Arranzek egin digu 2023ko Saudi Arabiaren erradiografia.

  • Joe Biden eta Bin Salman Saudi Arabiako printzea

    Joe Biden eta Bin Salman Saudi Arabiako printzea

    29:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

Saudi Arabiako inbertsoreek dena harrapatu dute. Saudi Telecom taldeak Telefonicaren %10 erosi du eta Vodafonen %15. Banku-sektorean, Credit Suissen %9,99 dago Saudi Arabiaren kontrolpean. Estatuak Nintendo eta EA Sportsen %9 erosi du, Premier Leagueko Newcastle taldea, Espainiako Superkopa eta Rally Dakarra. Sektore denetan ari da milaka milioi dolarreko inbertsioak egiten eta urtarrilaren 1etik aurrera, BRICS blokearekin egingo du bat.

"Faktoria"ko Iparra galdu. Hegora joan solasaldian Iñigo Arranz urretxuarra izan dugu gonbidatu. Hego Korean eta Iranen murgilduta, Saudi Arabiarako bidea hartu zuen duela zazpi urte eta bertan bizi da harrezkero. Espainiak Riaden duen enbaxadan egin du lan, CAFen eta Accionan, eta Saudi Arabiaren metamorfosi bizkorraren lekuko izan da: "Saudi Arabia ekonomia dibertsifikatzen ari da; erregai fosilekiko menpekotasuna murriztu nahi dute eta etorkizuna bermatu". Irudia aldatzeko asmoa ere sumatzen dio inbertso-oldeari: "Saudi arabiarrek badakite ze irudi duten munduan eta aldatu egin nahi dute".

Izan ere, ekonomikoki ez ezik, sozialki ere aldaketa nabarmenak egin dituztela dio Arranzek, aurretik bide luzea duten arren: "Emakumeek duela zazpi urte baino eskubide gehiago dituzte aitortura, musika eta zinemarekiko jarrera ireki da eta kaleetatik desagertu egin da moralaren polizia". Hori bai, sistema politikoak zurruna izaten jarraitzen du: "Monarkia absolutista batean bizi gara eta zentzu horretan ez da batere aldaketarik gertatu".

Saudi Arabiako giroaz aritu zaigu Arranz, nazioarteko aliantza eta estrategiez eta munduari so egiteko moduaz. Alboan izan ditu Iparra galdu. Hegora joan solasaldiko ohiko lagunak, Indiako Uno Minda enpresako Xabier Eskibel eta 26 urtez Brasilen bizi izan den Estebe Ormazabal.