Faktoria
Iparra galdu. Hegora joan.
Alicia Jiang Liao, Mondragon Assemblyko ingeniaria Kunshanen: "Txinak eguzki-panelen katea menderatzen du"
MIKEL ROTAETXE | EITB Media
Mondragon Assemblyk Kunshanen (Txina) duen lantegiko ingeniaria da Alicia Jiang Liao euskal herritarra. Energia fotovoltaikoaren industrian Txinak duen nagusitasunaz aritu zaigu Faktorian, baita Kunshango lan-ekosistemaz eta lehen pertsonan bizi duen dualitateaz ere.
-
Alicia Jiang Liao
27:13 min
Txina eguzki-energiaren inperioa da. Munduko bigarren potentzia lehena da eguzki-energiaren ekoizpenean, panelen fabrikazioan eta lehengaien erauztean. "Eguzki-panelen katea menderatzen du eta eragin ikaragarria du nazioarteko merkatuan", nabarmendu du Alicia Jiang Liao Mondragon Assemblyko ingeniariak. Kunshango lantegian eguzki-energiaren inguruko proiektuetan ari da lanean eta sektorearen argazkia egin digu "Faktoria" magazineko "Iparra galdu. Hegora joan" solasaldian: "Gainprodukzio nabarmena dago eta, hainbat herrialdek Txinako panelen inportazioa mugatu dutenez, Europan merke-merke ari dira saltzen".
Luze aritu zaigu Jiang Liao Mondragon Assenblyren Kunshango lantegian duten aktibitateaz, eta baita lehen pertsonan bizi duen dualitateaz ere. "Donostian jaio eta Hernanin hazi naiz, baina guraso txinatarrak ditut", azaldu du, "euskal herritarrentzat Txinakoa naiz, eta Txinakoentzat europar; linbo moduko batean sentiarazten naute".
"Iparra galdu. Hegora joan" solasaldiko ohiko kideekin jarraitu dugu Txinaz hitz egiten; Brasilen 26 urte eman dituen Estebe Ormazabalekin eta Indiako Pune hirian bizi eta lan egiten duen Xabier Eskibelekin. India, Brasil eta Txina dira BRICS taldeko kide, baina zenbateraino dira bazkide eta ze neurritan arerio?