Itxi

Faktoria

ANOREXIA

Aitziber Samaniego, anorexiaren aurka borrokan: "Nire bizitza infernua zela sentitzen nuen"

MIkel Yarza | EiTb Media

Familiarentzat zama bat sentitzen zela eta, Aitziber Samaniego bere buruaz beste egiten ahalegindu zen pasa den abenduan. 40 urte ditu, baina haurtzarotik idazten zuen egunerokoan jateari utziko ziola. Maria Zunzunegi psikologoak EAEko etorkizuneko anorexia unitate espezifikoen balioa aldarrikatu du

  • Aitziber Samaniego, anorexiaren aurka borrokan

    Aitziber Samaniego, anorexiaren aurka borrokan

    0:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aitziber Samaniego gasteiztarrari duela bost urte diagnostikatu zioten anorexia, baina 8 urte zituenetik pairatu izan du elikadura nahasmendua. Anorexia sakoneko arazo emozionalen "izebergaren punta da" haren esanetan eta zauri horiek "sendatu arte" gaixotasuna haren alboan egongo dela adierazi du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan.

Osakidetzako oposaketak prestatzen, Samaniegok 14 ordu ematen zituen liburutegian, "egun osoa jan gabe" eta 10 kg galdu zituen hilabete bakarrean. Emakumeak pasa den abenduaren 14an bere buruaz beste egiten ahalegindu ostean ingresatu zuen Gasteizko Santiago ospitalean eta aitortu du, tratamendua jasotzen hasi denetik, "hobekuntza fisikokak" igarri dituela, ez, ordea, psikologikoak. "Ez nago batere ondo" dio, bere gorputza ez du gustuko eta pasa den abenduko puntura itzultzeko beldur da.

Samaniego elikadura-portaeraren nahasmenduari aurre egiteko ACABE elkarteko kidea da eta haren bidez ezagutu ditu anorexia duten beste pertsonak. Haekin egoteak "hain bakarrik ez sentitzen" lagundu dio.

Maria Zunzunegi psikologoak bere azalean bizi izan du elikadura nahasmendua eta azaldu duenez Gotzoen Sagardui Osasun sailburuak iragarritako anorexia unitate espezifikoek "zerbitzuaren kalitatean aldaketa handia" suposatuko dute, diziplina arteko arreta pertsonalizatua ahalbidetuko dutelako. Zunzunegik Azpeitian du psikologia konsulta eta harengana gerturatzen direnek kezkaz kontatu izan diote: "psikiatra aldatu didate eta berriz ere dena hasieratik kontatzen hasi behar dut".

Zunzunegik defendatu du anorexiak kroniko izateari utzi diezaiokeela, baina horrek "lan handia eta oso intentsiboa eskatzen duela", ez egunean behin egindako ordubeteko terapia bat. Anorexia pairatzen duten gaixoei mezua bidali die: sinetsi dezatela eurengan, "nahiz eta momentu honetan galduta ikusten diren eta ezin duten", beraiei ere lortzen lagunduko dietela.