Itxi

Faktoria

Afganistan

Nazima Nezrabi: "Agiriak suntsitu, burka bat jantzi eta ezkutuan egin nuen ihes Afganistandik, haurdun"

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Terrorismoaren kontrako epailea da Nazima Nezrabi eta talibanen aginpeko Afganistandik ihes egin zuen iaz, senideekin. Bilbon eman diete asiloa eta bertan jaio da bere alaba: "Afganiarrek inork baino hobeto ulertzen ditugu ukrainarrak. Haien mina gurea da. Munduak ezin gaitu ahaztu".

  • Nazima Nezrabi

    Nazima Nezrabi

    9:49 min
imagen player
imagen player
imagen player

Sei urteko epaile-lanetan zigortu zituen talibanengandik ihes egin du Nazima Nezrabi epaileak. Auzitegiko emakumezko epaile bakarretakoa zen, Euskadi Irratiko 'Faktoria'-n azaldu duenez: "Talibanak ikertu, epaitu eta zigortu ditut, Al Qaedako kideak ere bai eta Daeshen milizianoak". Nezrabik azaldu du mehatxupean egin dutela lan auzitegian, lankideak hil dituztela eta bere autoan bonbak jarri dituztela: "Talibanen iruditerian, emakume eta epaile izatea, kontraesankorra da. Deabrua izatea".

Mendebaldeak Afganistan utzi eta talibanek boterea indarrez hartzean, familiarekin batera egin zuen ihes epaileak: "Espetxetik deitu zidaten, preso denek ihes egin zutela jakitera emateko. Tartean nik zigortutakoek. Etxeko dokumentu denei azidoa bota genien, burka bat jantzi eta aireportura bidean jarri ginen. Ni haurdun nengoen".

Kabuldik Madrilera, eta handik Bilbora egin zuen Nezrabiren familiak: "Oso harrera ona egin digute eta etxean bezala sentitzen gara. Baina Afganistani begiratzen diogu etengabe; anaia bi aldiz eraman dute preso, eta torturatu egin dute". Egungo egoeraz gain, haurtzaroaz hitz egin digu errefuxiatuak, talibanen aginpeko bizitzaz eta askatasunaz. Baita Ukrainako gerraz ere: "Afganiarrek inork baino hobeto ulertzen ditugu ukrainarrak. Haien mina gure sentitzen dugu. Mendebaldeari eskatuko nioke ez gaitzala ahaztu".