Faktoria
Energia berriztagarriak
Statkraft: 'Euskadik 15 urte daramatza eolikorik jarri gabe. Eredu parte-hartzailerik gabe ez dira ateratzen'
JOne LArrañaga | EITb Media
Itsaraz eta Piaspeko proiektuko arduraduna da Jon Zayas ingeniari irundarra. Azaldu du bertan jarri asmo dituzten 13 errotekin Euskadin gaur egun dauden 153 aerosorgailuek sortzen duten energiaren erdia baino gehiago sor litekeela. Energia hori, lehentasunez, etxeetara bideratuko dela zehaztu du.
-
Jon Zayas
17:15 min
"Euskadik 15 urte daramatza parke eoliko bat garatu gabe. Proposatu diren ereduekin ez dira aurrera atera. Gauza berri bat proposatu nahi dugu guk, bestela, ikusi delako proiektuak ez direla aurrera ateratzen". Hala mintzatu da Jon Zayas Statkraft enpresa norvegiarreko ingeniari eta Gipuzkoarako proiektuen arduraduna "Faktoria"n egindako elkarrizketan.
Itsaraz eta Piasperako proiektuez aritu da teknikaria. Zehaztu du Energiaren Euskal Erakundearekin hasieratik ari direla hizketan, tokiko erakundeekin ere zuzeneko harremana izan dutela eta enpresa arlotan, Fagorri ez ezik, beste konpainientzat ere zabalik dagoela proiektua. Nolanahi ere, jakinarazi du lehentasuna herritarrek izango dutela. "Herrritarrek izango dute lehentasuna. Gero ikusiko dugu enpresek nola hartuko duten parte", zehaztu du. Proiektuak arlo politikoan sortu duen eztabaidaz galdetuta, esan du egitasmoak "ez duela kolororerik" eta denek batera bultzatu beharko dutela "independentzia energetikoa" lortzeko.
Statkrafteko ingeniariak esan duenez, proiektua "oso hasierako fasean dago oraindik" eta moldatu egingo da azterketa tekniko eta ingurumenekoak egin ahala. Haundira jota, 200 metro luze izango diren 13 haizerrota handi aurreikusten dituzte Debagoienan eta Urolan, gaur egun Euskadin dauden 153 airesorgailuek sortzen duten energia osoaren erdia baino gehiago ekoitziko luketenak. "Gure haize errotekin", esan du "85, 8 megabateko potentzia osoa instalatuko genuke. Euskadik duen potentziaren erdia baino gehiago litzateke. Beraz, nahiz eta haize errota handiak izan, eragina txikiagoa da". "Bizitzan egiten den edozerk dauka inpaktua", argudiatu du: "Ezer ez egiteak ere inpaktu bat dauka. Zerbait proposatu behar dugu. Euskadik kontsumo handia dauka eta autokontsumoa ez da nahikoa".
Statkraft enpresa datorren urriaren 11an hasiko da proiektuak herritarren aurrean aurkezten. Azpeitiko Soreasun egingo dute lehen batzarra eta Errezil eta Zestoarako ere aurre ikusi dituzte bilerak.