Itxi

Faktoria

Aritz Otxandiano

Fagor taldea: "Hasierako harremanak izan ditugu Statkraftekin parke eolikoaren proiektuan parte hartzeko"

P.G. | EITB Media

Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak jakinarazi du prest daudela, Debagoienako udal eta herritarrekin batera, Norvegiako multinazionalak mahaigainean jarritako parke eolikoaren egitasmoak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

  • Aritz Otxandiano

    Fagor taldea

    7:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aritz Otxandiano Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegian jakinarazi du kooperatibak energia berriztagarrietan oinarritutako energia ekoizpen proiektuetan inbertitzeko aukera aztertzen ari direla. Norabide horretan, elkartu egin dira Statkraft energia konpainia publiko norvegiarrarekin, Debagoienan garatu asmo duen parke eolikoaren egitasmoan parte hartzeko aukeretan sakontzeko. "Bai, izan ditugu hasierako hartu-eman batzuk. Oraindik ez dugu sakondu, eta ez dugu informazio zehatzik, baina badago gure aldetik prestutasun bat, Debagoienako udal eta herritarrekin batera, Statkraftek mahai gainean jarri duen eredu berriak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko".

Otxandianoren arabera, horrelako egitasmo batek aukera eskaintzen die parke horien kokaleku izango diren lurraldeetako eragileek zuzenean jabetzan eta kudeaketan parte hartzeko, eta, beraz, "prezio justuan sortuko den energiaren onuradun zuzenak izateko".

Aritz Otxandiano

Aritz Otxandiano

Adibidea ere jarri du: "Fagor taldeak, Debagoienan dituen ekoizpen plantetan, urtean 300 gwatt ordutik gorako kontsumoa du; eolikoen bitartez sortu beharko balitz energia kopuru hori, Statkraftek 200 gwatt baino gehiago instalatu beharko lituzke. Baina berak proposatutako parkeak 25 gwatt baino ez ditu sortuko. Dugun erronkaren tamaina erakusten du". Egiturazko beste neurri batzuk ezinbesteko jo ditu horrenbestez, batez ere, elektrizitatearen merkatuaren erreforma sakona: "Gainerako neurri aringarriek lagunduko dute negua igarotzen baina ez da nahikoa".

Hau da Euskadiko parke eolikoen erradiografia

Energia kostuen garestitzea Fagorren nola eragiten ari den galdetuta, datua eman du: "Argindarraren kasuan, bost aldiz garestiago ordaintzen ari gara aurten, eta, gasa, sei aldiz garestiago. Zenbakitara ekarrita, Fagor talde osoari 70 milioi euroko gainkostua eragin dio. Neurriak hartu ezean, irabazi guztiak jango lituzke, Fagorren urte normal batean irabaziak 50-60 milioi euroren bueltan dabiltzala kontuan hartuta". Oraingoz ez dute ekoizpena eteteko aurreikuspenik, baina ikusta udazkena eta negua ziurgabetasunez beteta datozela, ez dute baztertzen.