Faktoria
Gainbeheraren kronika
Badoa Boris Johnson
MIkel Rotaetxe | EITb Media
Gogoz kontra eta autokritikarik egin gabe, Erresuma Batuaren historiako inflexio-punturik handiena zuzenduta: Brexita, pandemia eta Ukrainako guerra.
-
Boris Johnson
5:15 min
Shakespearen Macbeth, obra kuttun duela sarritan esan du Boris Johnsonek. Macbeth, anbizio politikoa, traizioa, tragedia. Eta Johnson bera, lezioa ikasia, botere-azpijokoetan trebea. Sukalde lanak eginez ehundu zuen Theresa May lehen ministroaren aurkako errebolta. Eta 3 urte geroago, berak ere, hanka tranpan jarri du.
Badoa Boris Johnson, gogoz kontra eta autokritikarik egin gabe, Erresuma Batuaren historiako inflexio-punturik handiena zuzenduta: brexit-a, pandemia eta Ukrainako guerra. Elizabeth II.aren aurrean belaunikatu eta 5 hilabetera, obsesio zaharra, Bruselan korrespontsal zenetik eraikitakoa, egia bihurtu zuen Johnsonek.
David Cameronek eragin eta Theresa Mayk landutako haustura sinatu zuen Boris Johnsonek. Atera zuen Erresuma Batua Europako Batasunetik eta ekarri zion brexit-ak agintaldiko lehen polemika.
Justiziak deklaratzera deitu zuen, Brexitaren kanpainan gezurretan aritzeagatik. Batasunetik aterata, astero 350 milioi libera aurreztuko zituztela, eta Johnsonen lelo nagusia, faltsua zen. Lehen polemika, baina brexit-a aipatuta, are larriagoa, beste honakoa. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Johnsoni gogorarazi zion sinatutakoa bete egin behar dela. Bete egin behar da, lehen ministroak legea aurkeztu zuelako, lehen ministroak berak sinatutako brexit-aren akordioa urratzeko.
Erabakiek ez ezik, adierazpenek eman dute zeresana. Muinak bezain-beste, formek. Eta entzun dugu Boris esanez, "Peppa Pig" txerritxoa-ren munduan bizi nahi lukeela …edo Parlamentuko presidentea abentura-reality batera bidali nahi lukeela…denen aurrean kanguroen barrabilak jan ditzan. Aginte-estilo ezentrikoa izan du Johnsonek, ahoberoa, eta dozenaka polemikek jarri dute kolokan, baina bere gainbehera hasi zen, hark jakin gabe, 2021eko apirilaren 17an.
Westminsterko Abadian, Edinburgoko Feliperen hileta-elizkizuna, Elizabeth II.a bakartuta eta musukoarekin. Eta bezperan, Downing Streeten, alkohola barra-barra, ardo-orbanak alfonbran, dozenaka lagun dantzan. Pandemiaren astindu betean, britainiarrak erdi-konfinatuta zeudela, dozena bat festa, gutxienez. Argitara ateratzean, eskandalua eta dimisioak, ere, dozena batetik gora.
Baina Johnsonek ez zuen amore emateko asmorik. Barkamena bai, hamaika aldiz eskatuta, eta Ukrainako gerrak eskandalua ezkutatuko ote zuen itxaropenez, baina Party Gate auziaren arduradun izendatuta, alderdi barruan zentsura mozioa… eta azkenean, ontziak gainezka egin du, festekin zerikusirik ez duen beste kontu batengatik. Johnsonek, Diziplina arduradunorde izendatu duela, Christ Pincher diputatu kontserbadorea, sexu salaketak dituela jakin arren.
Badoa Johnson; bere estiloan, autokritikarik gabe, eta azken polemika batekin… eutsi egingo diolako, Chequersko jauregian, lehen ministroaren landa eremuko egoitzan, hil honetan egitekoa den ezkontzari.