Itxi

Politika

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Tapiak Sanchezi egindako kritikak ulergaitzak dira Anduezaren arabera, Jaurlaritzak neurririk hartu ez duelako

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

PSE-EEko idazkari nagusiak erantzukizunez jokatzeko deia egin du: "Batasunaren unea da eta ez dugu egoera hau aprobetxatu behar kritika egiteko eta etekin politikoa egiteko".

  • Eneko Andueza

    Eneko Andueza, PSE-EEren idazkari nagusia Euskadi Irratian

    22:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Espainiako Gobernuak Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomiari aurre egiteko neurri sorta onartuko duen egunean, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak Arantxa Tapia sailburuari aurpegiratu dio Pedro Sanchez kritikatu izana, hain zuzen ere, "hemen neurririk hartu ez dela kontuan izanda". Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, "oso erraza izaten da askotan bestea begiratzea eta kritikatzea norberak hartu beharreko neurriak hartzen ez dituenean".

"Erantzukizunez jokatu behar dugu eta, logikoki, ditugun tresna guztiak hartuta", gehitu du. PSE-EEko idazkari nagusiaren arabera, batasunaren momentua da: "Ez dugu egoera hau aprobetxatu behar kritika egiteko eta etekin politikoa ateratzeko".

Eusko Jaurlaritzaren neurriak berandu ote datozen galdetuta, erantzun du erraza dela kritikatzea norberak neurririk hartu ez duenean.

Bestalde, Eneko Anduezak "oso beharrezkoa" dela uste du lehendakariak alderdi guztiekin egin asmo duen bilera erronda. Anduezak ez du zehaztu noiz elkartuko den Urkullurekin, baina datorren astean izango omen da.

Urkullurekin harremanak "egokiak" eta "zintzoak" direla azpimarratu du, eta desadostasunak eta tirabirak elkarrizketaren bidez konpontzen dituztela. Halaber, aurrerantzean ere beti esango dio zintzoki pentsatzen duena.

Hezkuntza itunaren inguruko akordioaren harira, Alderdi Sozialistaren lana goraipatu du: "Zintzoki diot PSE-EEk gai hau bideratu egin zuela". Hezkuntza batzordeko presidenteak aurkeztutako ondorioetan "ez genituen ikusten gure ikuspuntuak, gai potolo asko eta asko ez zeuden sartuta eta gure interbentzioaren ostean horiek sartu dira". Akordioaren aurreko orduetan zalantza asko sortu ziren, askoren arabera, euskararen zentraltasunak sortuta. Anduezak, ordea, hori ukatu du: "Guk ez genuen inongo momentuan nahi euskararen inguruan eztabaida artifizialik sortzea, euskara politikoki erabiltzea, hori euskararentzat kaltegarria zelako".

Sahararen inguruan Espainiako Gobernuak hartutako azken erabakia ere hizpide izan du. Anduezaren hitzetan, Espainiako Gobernuaren jarrera ez da aldatu. Gaineratu duenez, Sahararen inguruko gai garrantzitsuetan Espainiako Gobernuaren jarrera ez da batere aldatu, "beste gauza bat da alderdi batzuek hori erabiltzea etekin politikoa lortzeko". "Maroko beti gure bazkide izan da gai askotan eta harremanak bideratzea komenigarria zen eta hori gertatu da", gehitu du.