Itxi

Faktoria

Ekonomia

Iñigo Ucin: "Europak beste era batera jokatu behar du enpresek euren etorkizunerako behar dutena bermatzeko"

Mikrotxipen eskasia dela eta, Asiarekiko "oso menpeko" garela ez du ezkutatu Mondragon Korporazioko presidenteak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n, eta Europak beste jokaera bat izan beharko lukeela iritzi dio hemen ekoitzi ezin dena ziurtatu eta enpresen eta ekonomiaren etorkizuna bermatzeko.

  • Iñigo Ucin, Euskadi Irratiko 'Faktoria'n

    Iñigo Ucin, "Faktoria"n. Argazkia: EITB Media

    16:54 min
imagen player
imagen player
imagen player

"2022 urte hasiera ez dakit ona izango den, baina ez da erraza izango. Lehenago edo beranduago gauzak bere onera itzuliko direla espero dut". Hauxe da Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidentearen urte hasierako aurreikuspena. Une honetan, ordea, gizartearen demandari erantzun bat emateko "arazoak" daude, eta hori baldintzatuko duten "faktore asko" ere bai: "ekonomikoak, geopolitikoak, gasaren prezioa eta mikrotxipen eskasia".

Ucinek ez daki noiz konponduko diren arazo horiek guztiak, baina "konponduko dira, egoera hau ezin delako denbora askoan jasan", esan du. Zentzu horretan, Europa ohartarazi du. Asiarekiko "oso menpeko" garela eta falta diren lehengai asko Euskadik ezin dituela ekoitzi dio. Horregatik, "Europak beste jokaera bat izan behar du, eta hemengo ekonomiaren eta enpresen etorkizuna bermatzeko, ekoizpenerako behar dutena bermatu behar du".

Mikrotxipekin batera, elektrizitatearen prezioaren ikaragarrizko igoera da egungo beste arazoa. Ucinek onartu du "sekulako eragin txarra" izan duela Mondragon Korporazioko hainbat sektoretan eta zifrak ere eman ditu: "Euro bat garestitzeak, urteko kosteetan 1,3 milioi euroko garestitzea dakar kontu orokorretan". Etorkizunera begira, beraz, Europatik iritsiko diren funtsak laguntza "garrantzitsuak" izan litezke enpresa txiki eta ertainentzat, baina, oraingoz, gauzak "makal" doaz.  

Pandemiak eta zehazki Omicron aldaerak euren korporazioan izan duen eraginari heldu dio Ucinek Euskadi Irratiko "Faktoria"n. Une honetan, "abstentismoa ez da broma", eta Eroski taldearen Eguberri hauetako adibidea jarri du mahai gainean: aste hauek "oso garrantzitsuak dira" Eroskirentzat, baina dendak jendez osatzeko "arazoak" izan dituzte, eta, beste arloetako langileen erantzuna onari eta borondateari esker moldatu dira.

Azkenik, Espainiako gobernuak, estatuko sindikatu nagusiek eta patronalak adostu duten lan erreforma baloratu du; eragile sozialak halako gauza garrantzitsu batean ados jartzea "oso positiboa" da, bere hitzetan. Onartu du halere ez dituela zehaztasunak ezagutzen eta koperatibari ere ez diola zuzenean eragiten, baina euskal alderdiek erkidegoetako lan hitzarmenak lehenesteko egindako eskaria "ondo eskatuta" dagoela uste du.