Faktoria
Pandemiaren bilakaera
Miren Basaras: "Asteak beharko dira olatu honek goia jotzeko"
Miren Basaras EHUko mikrobiologoak iritzi dio askoz ere arrisku gehiago dituela herritarrak kutsatzen uzteko estrategiak. Auzitan jarri du berrogeialdia 10 egunetik 7ra jaistea: "Ez dago ebidentzia zientifikorik esateko zazpigarren egunaren ondotik ez dugula kutsatzen".
-
Miren Basaras mikrobiologoa. ETBko bideo batetik hartutako irudia
10:11 min
Miren Basaras mikrobiologoak uste du koronabirusaren pandemiaren 6. olatuak goia noiz joko duen aurreikustea ezinezkoa dela. Edonola ere, Euskadi Irratiko "Faktoria"n nabarmendu du ez duela uste egun gutxitako kontua izango denik, aitzitik, asteak beharko direla, adierazle guztiak oso altu baitaude. Birusaren zabalkunde masibo honetan jendea kutsatzen uzteko estrategia, Israelek hartu duena, ez du ontzat jo adituak, "arrisku askoz ere handiagoak" dituelako, omikronen intzidentzia zein den ikusita.
Koarentenetako egun kopurua 10etik 7ra jaistea arriskutsutzat jo du Basarasek: "Ez dago ebidentzia zientifikorik esateko 7. egunaren ondotik ez dugula kutsatzen esateko. Aldaketa hori izan da arazo ekonomiko bat dagoelako, baina, agian, beste herrialde batzutan egiten ari diren testak egin beharko lirateke". Izan ere, test gehiago egin beharko liratekeela dio, eta protokoloak zentzu horretan aldatzea defendatu du.
Gabonetako oporrak amaitzear diren honetan, eskoletarako itzulerak kezka handia eragiten du, baina Basarasen iritziz, aurrez aurreko eskolekin jarraitu behar da Hezkuntzan: "Gelak leku seguruak dira. Segurtasuna bermatzen da. Maskarak erabiltzea, burbuilatan aritzea eta aireztapena". Arazoa, aldiz, ikasgeletatik kanpo kokatu du adituak, kutsatze gehienak horietatik kanpo izaten baitira. "Hezkuntza, oro har, neurriak ondo betetzen ari dira. Hori bermatzen bada, presentzialtasunarekin jarraitu behar da, eta hortik kanpo neurriak betetzen. Hori da orain daukagun irizpidea", azpimarratu du.
Gripea eta koronobirusa: flurona
Flurona gisa izendatu dute gripeaz eta covid-19a aldi berean kutsatzea. EHUko mikrobiologoaren arabera, koinfekzioa aurretik ezaguna zen: "Iazko neguan ere atzeman ziren. Kasu gutxi baina detektatu ziren, eta argitaratu ziren aldizkari zientifikoetan. Ebidentzia zientifikotik dakiguna da agertu diren kasuak ez direla larriagoak. Baina horrek ez du esan nahi kasu larriak ez direnik agertuko. Ikusi egin behar da ospitalizazioaren presioan zein eragin izango duten".