Faktoria
Merkel osteko Alemania
Stefan Kornelius, Merkelen biografoa: "Askoz gehiago egin zezakeen genero berdintasunaren alde"
Mikel Rotaetxe | EITb Media
Angela Merkelen ibilbide politikoaren kronika egin dugu "Faktoria"n Steffan Kornelius Süddeutsche Zeitung egunkariko politika arloburu eta kantzillerraren biografoarekin, eta Merkel osteko Alemania marraztu dugu Danel Agirre eta Mikel Reparazekin.
-
Angela Merkel
24:02 min
Aro aldaketa Alemaniako Errepublika Federalean. Hamasei urteren ondotik, badoa Angela Merkel, krisi guztien kantzillerra eta planetako emakumerik boteretsuena. Igandean aukeratuko dute Parlamentu berria Alemanian, eta ganberatik aterako da gobernuburu berria. Merkelen aroa amaitzear dela, agintariaria izan dugu protagonista Euskadi Irratiko "Faktoria"n; Merkel politikaria, Merkel negoziatzailea, eta baita Merkel emakumea ere. Soslaia egiten lagundu digu Stefan Kornelius Süddeutsche Zeitung egunkariko politika arloburua eta Merkelen biografoa.
Merkelen arrakastaren formulaz galdetuta, Korneliusek azaldu du kantzillerra ez dela batere pertsona ideologikoa: "Politiketan du arreta, aferetan, eta ez alderdikerian. Eta eguneroko lana hobeste hori begi onez ikusten dute Alemaniako hautesleek, ez dutelako alderdikeria hutsala maite. Gauzak lasai eta egonkor mantentzen ditu, herrialdea egonkor mantendu du, arrakastatsu. Eta finean, ez du arrazoirik eman boteretik bota dezaten". Urratsez urrats errepasatu dugu Merkelen ibilbidea, Ekialdeko Alemaniako bizitzan hasi, politikarako jauzia eman eta XXI. mendeko agintaririk boteretsuena bihurtu arte. Krisi finantzarioan zorrotz, austeritatearen belatz; 180 graduko aldaketa errefuxiatuen krisian; eta Trumpen ereduaren aurkako iparrorratz agintaldiaren azken urteetan.
Merkelen soslaia eginda, kantzillerra ordezkatzeko hiru hautagaien aukerak aztertu ditugu Danel Agirre Berlingo berriemailea eta Mikel Reparaz ETBren nazioarteko arloburuarekin. Biak bat etorri dira: "Armin Laschet, Olaf Scholz eta Annalena Baerbock, guztien nahi dute izan Angela Merkel".