Faktoria
Argindarra
Peru Muniain: "Berandu datoz neurriak. Epe laburrean zaila izango da neurri eraginkorrak ezartzea"
I.I.
Goia joko du, beste behin, argindarraren prezioak gaur. Peru Muniain EHUko Matematika Aplikatuko irakasle eta argindar merkatuan adituak ez du uste, momentuz, igoera etengo denik. Espainiako gobernuak har ditzakeen neurriak "berandu eta epe luzera begira" izango direlakoan da.
-
Argindarra, gora eta gora.
5:37 min
Argindarraren prezioak marka historikoa ezarriko du gaur berriro, bataz beste, 124,45 euroko kostea izango baitu orduko megawattak. Goia jotzen jarraitzen du, eta horrela segiko duela dio Peru Muniainek, EHUko Matematika Aplikatuko irakasle eta argindar merkatuan adituak. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n azaldu du gasa erretzea eta CO2 emisioak gauzatzea inoiz baino garestiago daudela. Horri ordea, hidroelektikoen "jokaera estrategikoa" batu behar zaio. Muniainek dioenez, ura edozein unetan aska badezakete ere, prezioa garestien denean isurtzen dute etekin handiagoak izateko.
Espainiako Gobernuak egin dezakeenaren inguruan galdetuta, "apur bat berandu" datozela neurriak uste du, zaila izango baita epe laburrean neurri eraginkorrak ezartzea. Epe luzeagorako proposamenen artean hidroelektrikoen jokabidea muga dezakeela Teresa Ribera buru duen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak azaldu du Muniainek. Prezioa garestia denera jarduera ez mugatzea, eta beraz, beste momentu batzuetan ere energia sortzea bultza dezake gobernu zentralak.
Elektrizitate enpresa batzuk bezeroei faktura %30 garestitu izanaren inguruan, sinatutako kontratuaren garrantzia azpimarratu du. Izan liteke, Muniainen aburuz, enpresak kontratua bete ez eta salaketa jartzeko aukera izatea. Aurrez sinatutakoaren arabera ordea, abisatu gabe igo dezaketela dio batzuk, eztabaidagarria izan arren.