Itxi

Faktoria

Lehendakariari elkarrizketa

Urkullu: "Gaueko aisialdiari jarritako murrizketak arindu litezke"

Oihane Yustos | EITB Media

Lehendakariak aitortu du "itxaropentsuago" daudela, egoerak malgutzeko aukera ematen duelako. LABIren aholku batzordearen ostean izango den agerraldia eitb.eus-en izango da ikusgai.

  • Iñigo Urkullu

    Iñigo Urkullu

    43:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Pandemia ez da amaitu, aldaera berriak sortzen ari dira eta neurriak, ahal den heinean, zorrotz bete behar ditugu". Bide orria argi du Iñigo Urkullu lehendakariak baina, aldi berean, "Faktoria" albistegian aitortu du "'itxaropentsuago" daudela, egoerak malgutzerako aukera ematen duelako.

LABIren aholku batzordeak arratsaldeko bileran berrikuskatzeko utzi zituzten 9 neurri  aztertuko ditu, ostalaritzaren ordutegia eta elkartu litekeen jende kopuruarena, tartean. Baina beste bati ireki dio atea Iñigo Urkulluk, gaueko aisialdiari: "bizitzaren normaltasun batera etorri nahi izanez gero, bilakaeraren arabera, arindu litekeen neurria izan liteke", esan du. LABIren bileraren osteko agerraldia zuzenean ikusgai izango dugu eitb.eus-en.

Musukoaren erabilera espazio publikoan amaitzear dela iragarri du Pedro Sanchezek (ekainaren 26an). "Maskara erabiltzea deserosoa da, niretzat ere bai, baina aitortu behar dugu eraginkorra izan dela", esan du Iñigo Urkulluk, eta, gogoratu du kanpoaldean musukoaren erabilera arintzen bada ere, "barrualdeari begira beharrezkoa izango dela".

Pandemiaren 3 olatuk jo dute Euskal Autonomia Erkidegoa eta hirugarren olatuan berezitasuna ikusi du Iñigo Urkulluk, "bi lurralde historikoetan eragin berdintsua izan du eta batean handiagoa? Zergaitik jo du gogorren Gipuzkoan eta batez ere Bidasoaldea eta Goierrin?". Gertatu dena sakonago aztertuko dutela aurreratu du lehendakaria: "agian ez zaio bakarrik Gipuzkoako biztanleriari begiratu behar, agian beste eremu batzuetako biztanleriari begiratu behar zaio edo mugikortasunak zein eragin izan duen aztertu behar dugu".

Pedro Sanchezekin komunikazioa eta indultuak

Pandemiak ostalaritzan eragin duen kalte ekonomikoa arintzeko, bi laguntza eman ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Espainiako gobernuarekin negoziatzen ari diren hirugarrena etortzekotan da; "laster batean laguntzen deialdia etorriko dela" esan du. Europako funtsek horretarako balio dezakete eta Espainiako gobernuak iragarri duen erkidego arteko batzarraren zain dago Urkullu. "Komunikabideetatik jakin dut presidenteen konferentzia egin nahi duela, ez dut deirik jaso" esan du Euskadi Irratian lehendakariak. Are gehiago, Iñigo Urkulluk argitu du maiatzean mezua jarri ziola Sanchezi: "hori da elkarren artean hitz egiteko erabili dudan azken saiakera baina mezu horrek ez du erantzunik jaso".

Espainiako gobernua Kataluniako politikari presoentzat indultua onartzeko asmoari buruz galdetuta, Urkulluk dio urratsa dela: "neurri horrek bakarrik ez du egoera lasaituko baina, indultuek erakundeen elkarrizketarako bidea erraztuko dute'.

Ertzaintzaren esku-hartzeak

Azken asteetan izan diren lan gatazketan Ertzaintzak izan duen esku hartzeak sortu dute eztabaida, eta Ertzaintza barruko ELA sindikatuak salatu du protestan ari diren langileekiko ertzainek izan duten "gehiegizko jarrera". Sindikatuari erantzun dio lehendakariak: "gogoeta eskatuko nioke horrelako adierazpena egin duenari. Hori al da gizartearen aurrean erakutsi nahi duten Ertzaintzaren irudia?". Urkulluren hitzetan, "Ertzaintza oso oso zorrotz ari da, proportzionaltasunez ezarritako neurriak erabiliz".