Faktoria
Ugo Mayor Ikerbasque ikerlaria
"Maiatzean galdu genuen Euskadin ZeroCovid estrategia ezartzeko aukera"
Oihane Yustos | EiTB Media
Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzaileak azaldu duenez, diagnosirako eta aztarnarientzat baliabide gehiago jarrita eta bakartze gogor baina laburra ezarrita lor liteke ZeroCovid-a.
-
Ugo Mayor, Ikerbasqueko ikerlaria
12:12 min
Zabaltzen ari da, ZeroCovid estrategia abian jarri duten herrialdeen zerrenda. Zeelanda Berriak urratu du bide hori, Australiak eta Hego Koreak ere heldu diote eta Estatuan, Asturias ari da norabide horretan lanean. Baina, zer da ZeroCovid estrategia? Ugo Mayor Ikerbasqueko ikerlariariak eman digu azalpena "Faktoria"n: 'ortzimuga moduan ulertu behar dugu. Ortzimuga covid-19 gabeko egoera litzake. Arazoa da, aldaera berriekin, ortzimuga urruntzen ari dela' esan du Mayorrek, 'eta ez dakigu noiz lortu dezakegun birusik gabeko egoera'.
Helburu hori lortzeko, ZeroCovid estrategiak lagundu dezake. Kutsatu kopuru txikia dagoenean praktikan jarri behar dena eta urrats argiak ditu Ikerbasqueko ikerlariaren arabera: 'zenbakiak murriztu behar dira lehenengo. Gero diagnostikorako baliabide gehiago erabili, aztarnatzaileentzat baliabide gehiago eta gero bakartze edo berrogeialdi gogor baina motza'. Ugo Mayorrek dio, 'motz eta ahal den sendoena, oinarrizko jarduera gutxi' baimenduko dituena.
Irla birtualak
COVIDetik libre dauden erermuak agertuko lirateke, horrela jokatuz. 'Irla birtualak' esan du Mayorrek, 'sartu eta ateratzeko mugak dituena, gaur egun dugun konfinamendu perimetrala baino irmoagoa. Irla berde horiek hazten diren heinean' gaineratu du ikerlariak, 'aukera emango luke irla horren barruan bizitza arrunta egiteko'. Erresuma Batuan, badago irla bat, 80.000 pertsona bizi dena eta badira hainbat aste ZeroCovid dutela'.