Faktoria
Arantxa Tapia
'Lortu behar dugu aktibitateari eustea berriz ere konfinamendura itzuli gabe'
Ekonomia Garapenerako jarduneko sailburuak aurreratu du neurri murriztaileak hartu beharko direla COVID19-aren gorakadari aurre egiteko baina neurri 'kirurjikoak' izan behar dutela azpimarratu du.
-
Arantxa Tapia
20:50 min
Berriz ere konfinamendura itzultzea ez da sartzen Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapenerako sailaren aurreikuspenetan. Arantxa Tapia Garapeneko jarduneko sailburuak Euskadi Irratian esan duenez, orain arte hartu direnez gain, neurri murriztaile gehiago hartu beharko dira irailera eta urrira begira, baina ahal dela "neurri kirurjikoak": "Ahal den neurrian aktibitateari eutsi behar diogu, berriz ere etxera itzuli beharrik gabe", azpimarratu du.
Gizartearen ongizate psikologikoa aipatu du argudioen artean, eta baita ere, berak zuzentzen duen sailari dagokionez, jardun ekonomikoaren osasuna ere. "Denok ikusi dugu ekonomia geratzeak ze ondorio izan dituen", adierazi du. Irailean hasiko dena "oso lan-urte zaila izango dela" aurreratu du baina ez du zehaztu, Tubacex, Aernoava eta ITPren kasuan bezala, kaleratze iragarpen handirik izango denik datozen asteotan. "Enpresa handietan egiten dugu azpimarra baina enpresa txiki eta ertain asko ari dira sufritzen. Industrian bezala baita zerbitzuetan ere; ostalaritzan, adibidez, eta zer esanik ez, turismoan". Mailegu eta laguntza programak, Europako laguntzak eta enpresetako kapitaletan parte hartzeko funtseak aipatu ditu eta "administrazioren egitekoa dela haien ondoan egotea. Lortu behar dugu enpresa txiki eta ertainek eustea, bai ala bai", esan du.
Errepikatu du enpleguari eustea dela helburu nagusia eta zehaztu du malgutasuna ez dela soilik soldata jeistea. Beste aukera batzuk ere badirela gogoratu du (besteak beste, ordu poltsak eta lanpostu aldaketak) eta "denen artean" hartutako erabakiak direla egokiena. "Gaur izan liteke txarra eta bihar ona. Garai onetan irabaziak baldin badaude, horiek ere partekatu egin behar dira", iritzi dio. "Elkarrizketa sozialeko mahaian", jarraitu du, "malgutasuna definitzeko gai bagina administrazioa, enpresariak eta langileak, aurrerapausu handia litzateke".