Faktoria
Eneko Andueza
"Alderdi Sozialistak nahikoa da esan behar dio Felipe Gonzalezi"
"GALen historian nire alderdiak zerbait eduki badu, egin duenak ordaindu egin beharko du. Biktimei zor diegu", esan du PSEko Gipuzkoako idazkari nagusi eta legebiltzarkideak.
-
Eneko Andueza
20:33 min
Eneko Andueza Gipuzkoako Sozialisten idazkari nagusia Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia alderditik kanporatzearen alde agertu da Euskadi Irratiko 'Faktoria'n, CIAren agirietan, GALen sorrera baimendu zuela argitara eman ondoren. Leialtasuna ez duela modu horretan ulertzen, Felipe Gonzalez "kontzeptualki eta militante moduan egungo Alderdi Sozialistatik oso urrun ikusten duela" eta, beraz, hari babes osoa adieraziz Adriana Lastrak atzo Kongresuan egin zuen adierazpenetik urrundu egin da Eneko Andueza PSEko Gipuzkoako idazkari nagusi eta legebiltzarkidea.
"Gure estatutuak ikusita, akaso, ez da arrazoirik egongo alderditik kanporatzeko baina Alderdi Sozialistan nahikoa dela esan beharko diogu Felipe Gonzalezi. Honekin tinko arituko naiz", adierazi du. "GALen historia", gehitu du, "nazkagarria iruditzen zait eta nire alderdiak zerbait eduki badu, egin duenak ordain dezala. Denbora pasata ezer argitzerik baldin badugu, ongietorria; batez ere biktimei zor diegulako". Nolanahi ere, ikerketa batzordea babestearen aukeraz, adierazi du, PSE ez dela nor Espainiako Alderdi Sozialistak zer egin behar duen esateko eta "auzi horiek epaitegietan argitzearen aldeko agertu da".
Halaber, GALen sorrera eta ondorengo ekintzak "izugarrikeria eta akats handia" izan zirela esan du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak. "Inoiz ez zen gertatu behar izan; mina sortu eta mendekua areagotu zuen bakarrik", esan du Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Bere esanetan, "giza eskubideen defentsa ez da sinesgarria integrala eta koherentea ez bada. Alderdikideak lurperatu behar izanak ematen digun zilgitasunetik, GALen ekintzak izugarrikeria eta akats handia zan zirela azpimarratzen dugu berriro".