Itxi

Faktoria

Arnaldo Otegi

"Urkullu burbuila batean bizi da, jendea kezkatuta dago osasun eta ekonomia arloan"

Ez da zuhurra Otegiren ustez irailerako eskola itzulera normala planteatzea. Enpresa eta ondare handiei zergak igotzeko eskatu du Otegik, erakundeek baliabideak izan ditzaten.

  • Arnaldo Otegiren artxiboko irudi bat

    Arnaldo Otegiren artxiboko irudi bat

    29:51 min
imagen player
imagen player
imagen player

Arnaldo Otegi EH Bilduren Koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez katastrofikoa da Eusko Jaurlaritza COVID-19aren inguruan egiten ari den kudeaketa eta Iñigo Urkullu lehendakaria burbuila batean bizi dela dirudiela, soilik bere buruarekin eta arrazoia ematen diotenekin hitz eginez. Tabernariekin, enpresari txikiekin edota dendariekin hitz egingo balu, dio Otegik, ez zukeen bezperan 'Faktoria'n esan zuen bezala Urkulluk esango Euskadi zutik dagoela.

Ahalegina denon artean egin behar dela uste du Otegik, baina ez zaio zuzena iruditzen lehendakariak funtzionarioei esfortzu berezia eskatzea. Galdetu du ea Iberdrolari, Pedronorri edota fortuna handiei esfortzu bera eskatuko ote zaien. Egoerari buelta emateko talka neurriak proposatzen ditu EH Bilduk “Jaiki” planean, eta, erakundeek baliabideak izan ditzaten, mozkinak dituzten enpresei eta ondare handiei zerga presioa areagotuz.

Otegik alderatu egin ditu Urkulluk pandemiaren aldian egin duen kudeaketa eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak egindakoa, azken honek eragile desberdinekin hitz egin duela nabarmenduz.

EH Bilduko koordinatzaileak, bestalde, gezurtatu egin du alarma egoeraren luzapenerako Espainiako Gobernuak eurekin hitz egin ez duenik. Orain bi aste PSOErekin eta Unidas Podemosekin itxitako akordioa nola gauza daitekeen aztertzen ari direla dio, argi utziz, gauzatzen ez bada, horrek ez diola kalte EH Bilduri egingo, langileriari baizik, eta gaizki, betetzen ez duena geratuko dela.

Abertzaleen arteko elkarlanaz

Sozialistekin akordioak arnas luzeagokoak izango ote diren eta horrek abertzaleen arteko elkarlan estuagoa eragotziko ote duen galdetuta, Otegik adierazi du EAJ dela eurekin ezer jakin nahi ez duena. 2018ko otsailean izan zuten bilera baten berri ere eman du, berak eta Rafa Diezek Urkullu Lehendakariarekin Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin zutena. Han jakinarazi zioten EH Bilduko ordezkariek Lehendakariari adostutako estatus berriaren oinarriei eusten bazien, eurekin konta zezakeela, eta aldiz estatutuaren erreforma soil baterako joz gero, ezetz. Urkulluren erantzun zuzenik ez dutela jaso esan du gaur, baina ekintzen bidez erantzun diela, sozialistekin egin baititu harrez geroko akordioak.

Pintaketen desgastea

EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen egoitzetan egindako pintaketen harira, Otegik argi utzi nahi izan du ez daukatela zerikusirik pintaketa horiekin, eta Idoia Mendiari hiltzaile jartzea ez zaiola ongi iruditzen. Pintaketak egiten dituztenek eta haiek gaitzesteko eskatzen diotenek helburu bera dutela nabarmendu nahi izan du: EH Bildu ahultzea.

Elkarbizitzari ezin zaio “begi bakarrarekin” eta “begi okerrarekin” begiratu, Otegiren esanetan, erpin asko dituelako. Pintadak eraso gisa hartzen dituztenek eta haien aurrean irmotasuna eskatzen diotenak ez ditu irmo ikusten Otegik presoen sakabanaketak eragindako kaltea salatzen. Indarkeriarik gabe dispertsioa amaituko zela ziotenak “gezurti profesionalak” direla salatu du.

Eraso Sexistak

Mingarria eta onartezina begitantzen zaio, bestalde, EH Bilduko koordinatzaileari Zarautz eta Hernanin ezker abertzaleko kideek ustez eragindako eraso sexistak ezkutatu nahia egoztea. Ezker abertzaleko emakume feministek egindako protokoloak jarraitu direla esan du, eta gogorarazi du hauteskunde kanpaina baten atarian kendu zutela Europako parlamenturako hautagaia, antzeko salaketa bategatik.