Itxi

Faktoria

Iñigo Urkullu

"Espero dut 3 fasean izango garen erkidegoen artean mugikortasuna bermatzea"

Astelehenetik aurrera Nafarroara, Kantabriara eta Errioxara joatea posible izatea espero du lehendakariak, Sanchezek esan ziona betez.

  • Iñigo Urkullu

    Iñigo Urkullu.

    46:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan esan duenez, espero du datorren astelehenetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoa 3 fasean sartzen denean aukera izatea fase horretara igarotzen diren inguruko erkidegoetarako mugikortasuna zabaltzea. Azken orduetan Salvador Illa Osasun ministroak aukera horri atea itxi badio ere, Urkulluk gogorarazi du iragan larunbatean Pedro Sanchezekin izandako elkarrizketan aukera horri buruz hitz egin zutela, eta igandean Sanchez berak proposatu zuela presidente autonomikoen bideokonferentzian.

Urkulluk aitortu du ohituta dagoela fasez aldatzerakoan aurrez adostutakoa dekretuetan edo ministerioaren aginduetan alda dezaten, baina hitz egindakoa bete dadin espero du. Lehendakariak argitu du atzo hitz egin zuela Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin, eta hura ere mugikortasuna irekitzearen alde dagoela, eta Maria Chivite Nafarroako presidentea ere ados dagoela esan du. Nafarroarekin, Kantabriarekin eta Errioxarekin ireki nahi luke mugikortasuna Euskal Autonomia Erkidegoak, ez aldiz atzeragoko fasean geratuko den Burgosekin.

Espainiako gobernuak Ciudadanosekin atzo alarma egoera luzatzeko egindako akordioak sortutako nahasmenaren ondoren Urkulluk berriz egin zion galdera Sanchezi, eta hark erantzun zion “astelehenetik aurrera gauzak izango direla EAJrekin eta ERCrekin adostu bezala”. Urkulluk aitortu du ohituta dagoela fasez aldatzerakoan aurrez adostutakoa dekretuetan edo ministerioaren aginduetan alda dezaten, baina hitz egindakoa bete dadin espero du.

Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Miguel Angel Revilla Kantabriakoa ere erkidegoen arteko mugikortasuna zabaltzearekin ados daudela esan du Urkulluk. Nafarroa,  Kantabria  eta Errioxarekin ireki nahi luke mugikortasuna Euskal Autonomia Erkidegoak astelehenetik aurrera,  ez aldiz atzeragoko fasean geratuko den Burgosekin.

Sanchezek mugikortasunari buruz hitzartutakoa ''betetzea'' espero du Urkulluk

Autonomia, auzitan

Ez du uste lehendakariak Euskadiren autonomia erabat mugatuta egon denik alarma egoerak iraun duen bitartean, Sanchezek onartu dituelako berak egindako hainbat planteamendu, baina berretsi du salbuespenezko legediarik gabe posible zela egoerari aurre egitea. Gogoratu du Sanchez berak aitortu duela legedia arrunta aztertzeko beharra, alarma egoerarik gabe horrelako kasuei aurre egin ahal izateko.

COVID-19ak eragindako pandemia bere agintaldian kudeatu behar izan duen egoerarik zailena dela aitortu du Urkulluk, eta une askotan “kezka larriz” bizi izan duena. Osasun langileek salatutako material faltari buruz galdetuta, lehendakariak esan du martxoaren 7an beste erkidego batzuetara bideratu zuela Jaurlaritzak hainbat osasun material,  une horretarako Euskadin nahikoa bazegoela bermatuta. Gero etorri zen, ordea, “tsunamia” eta mundu mailan material gabezia. Espainiako gobernuak material erosketa zentralizatu ondoren, horrek egoera ez zuela erraztu esan du.

Oposiziotik agintekeriaz jardutea leporatu diote alderdiei gogorarazi die hiru aldiz egin duela agerraldia berak Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorrean eta Osasun Sailetik ez ezik, beste sailetatik ere astero egin direla informazio bilerak talde parlamentario guztiekin.

Urkullu esan du jakitun dela EH Bilduk egin dituen proposamenez, baina dio bere gobernantza metodoak ez duela bat egiten EH Bildurenarekin, ez duelako uste emaitzarik ematen duenik. Lehendakariak dio berekiko eta bere alderdiarekiko EH Bilduk izan duen jarrera kritikoak ez duela zerikusirik izan Sanchezen gobernuarekiko izan duen jarrerarekin.

Indar subiranistaren estrategia PSOErekin akordioak egitea dela uste du Urkulluk, aspalditik duen gogoa dela hor, eta hor kokatu du alarma egoera luzatzeko PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduren artean sinatu zen dokumentua. Adostutakoa ez du gauzagarri ikusten, ordea, beste foro batzuetan adostu beharreko gaiak direlako.

Erasoen gaitzespena

EAJren, PSEren eta Podemos Ahal Duguren egoitzen aurka egindako pintaketak direla eta Iñigo Urkullu lehendakariak nahi luke EH Bilduren baitan dauden Sortuko buruzagiak entzutea, gaitzesten ez bada, pintaketa horiek egitea gaizki dagoela esaten. “Hain zaila da esatea hau gaizki dago?”, galdetu du. Esan du horrelakoak gaitzesten ez badira beste edozer justifikatzeko bidea irekita geratzen dela.

Krisi ekonomikoa

Uda ondorenera itxaron beharko da Urkulluren iritziz koronabirusaren ondoriozko osasun krisiaren benetako dimentsioa ikusteko, hemengoak ez ezik, mundu mailako egoerak ere eragin zuzena izango duelako.

Uneotan  enpresa txiki eta ertainen % 90 lanera itzulita dagoela adierazi du, eta handiak kontuan hartuz gero jardueraren % 60 pasa dela aktibatu dena. Enpresa asko itzuli diren arren, ordea, eskaerarik ez dagoela dio, eta eskari horiek sor daitezen merkatal ariketa beharrezkoa dela. Eskariak Europar Batasunetik eta ekialdeko herrialdeetatik etorriko direla aurreikusi du.

Aldi baterako lan erregulazio txostenak irailera arte luzatzearen alde hitz egin du berriz ere Urkulluk, eta proposatu du elkarrizketa sozialerako mahaian hala adostuz gero Gizarte Segurantzak ordaintzen duen soldataren % 70 osatzea Jaurlaritzaren, enpresen eta langileen artean, bakoitzak % 10a jarriz, soldata osora iritsi arte.

Lehendakariak azpimarratu du, bestalde, nolako arrakala dagoen funtzio publikoan jarduten duten langileen eta arlo publikoan lan egiten dutenen artean, eta dio lehenengoek jabetu behar dutela alor pribatuan daudenek egiten dituzten ahalegin eta sakrifizioez, eta elkartasunez jokatu behar dutela. Horrek soldata txikitzea ekarriko duen galdetuta, Lehendakariak erantzun du horrek ez duela esan nahi murrizketarik egongo denik.

Zaldibar

Zaldibarko hondakindegian desagertutako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze aurkitzeko lanei buruz, Urkulluk berretsi du hartutako konpromisoa, bera lehendakari den bitartean bilaketarekin segitzekoa. Luizia gertatu zenetik laugarren hilabetea betetzera doanean lehendakariak dio argi dagoela ez dela erraza gorpuak aurkitzea. Urkulluk, bestalde, argi utzi nahi izan du zabortegia pribatua dela, eta enpresa horren jabearena dela han gertatutakoaren erantzukizuna.