Faktoria
Maddalen Iriarte
"Mendiari egindako erasoarekin marra bat gainditu da, erabat lekuz kanpokoa da"
EH Bilduk eraso hauen aurka duen jarrera tinkoa dela dio Iriartek. Hauteskunde kanpaina astebetekoa izatea erabakitzekotan elkarrizketaren bidez egin beharko dela dio.
-
Maddalen Iriarte Euskadi Irratian
25:27 min
Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n adierazi du erabat lekuz kanpokoa dela Idoia Mendiak eta bere sendiak bart jasan duten erasoa eta eraso horrekin marra bat gainditu dela. Beste alderdietatik jokabide hauek gaitzesteko datozkion eskarien aurrean, Iriartek argi utzi du EH Bildu hortik kanpo dagoela eta era tinkoan erakutsi dutela ez datozela jarrera hauekin bat.
Patxi Ruiz presoaren egoera dramatikoa dela dio Iriartek eta EH Bildu lanean ari dela espetxeetan daudenen egoera hobe dadin, defendatzen duelako eskubide guztiak guztiek izan ditzaten. "Eskubide guztiak defendatzen ditugu guztientzat, baita Idoia Mendiarentzat ere”, azpimarratu du.
Bestalde, Iriartek uste du ekintza hauek EH Bilduri kalte egiten diotela, “batzuek eta besteek gu higatzeko erabiltzen dituztelako”.
Alarma egoera luzatzeko Diputatuen Kongresuan hasi berri den osoko bilkuran indar subiranistak zein jarrera defendatuko duen ez du argitu Maddalen Iriartek. Orain arte abstentzioaren bidez eskuzabal jokatu dutela esan du, eta eskuzabal jokatzen jarraitzeko beharrezko dela Espainiako gobernuak egin dizkioten bi eskariei erantzutea: lan erreforma erabat indargabetzea eta aurrekontuetako gastu muga finkatzerakoan Covid-19ak eragindako gastuak ez kontuan hartzea.
Kezkagarri jo du bestalde Sanchezek berriz ere Ciudadanosen babesa bilatu izana alarma egoera luzatzeko, eta nabarmendu du hori ez dela ona Kataluniarako eta Hego Euskal Herrirak.
Uztailaren 12ko hauteskundeei begira Iriartek ez dio atea itxi hauteskunde kanpaina aste bakarrekoa izateari, nahiz eta argi uste duen bi astetan alderdiek aukera gehiago dutela euren proposamenak gizarteari ezagutarazteko. Aste bakarreko kanpainak oso ezohiko egoeretan egin direla gogoratu du, eta edozer erabakitzekotan elkarrizketaren bidez erabaki beharko dela. Elkarrizketa hori da, hain zuzen, Urkulluren eta Jaurlaritzaren aldetik faltan bota duena, bai hauteskundeak noiz egin erabakitzerakoan, bai hezkuntzako itzulera zehazterakoan edota berreraikuntza ekonomikoari buruz hitz egiterakoan. "Jaurlaritzak nagusikeriaz jokatu du", salatu du Iriartek.