Faktoria
Cristina Uriarte
“Klaseetarako itzulera malgua izango da, baina erantzukizunez lan egin behar da”
Hezkuntza sailak ulertuko du ikastetxe batzuetan eskolak beranduago hastea, edo ez hastea, ongi argudiatuz gero. DBH-3tik beherako mailetako ikasleak ez dira geletara bueltatuko ikasturte honetan.
-
Cristina Uriarte, Euskadi Irratian
18:02 min
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, bere sailak malgu jokatuko du datorren astean aurrez aurreko eskolak berriz hasterakoan. Sailburuaren esanetan itzultzea beharrezkoa da familia askok eskatzen dutelako eta ikasle batzuk kurtsoa ongi bukatzeko klase horien premia dutelako. Bereziki azpimarratu ditu unibertsitaterako hautaproba egin behar duten batxilergoko bigarren mailako ikasleak, edota datorren ikasturtean zentroz aldatu beharko duten DBH-ko 4. mailakoak.
Edozein kasutan, itzulera ezohikoa izango dela onartu du eta modalitate desberdinak konbinatuko direla: Talde txikiagoak, kasu batzuetan soilik tutoretzak, errefortzu klaseak ikasle batzuentzat soilik. Uriartek esan du ikastetxeek euren esku dituztela jada eskolei berriz ekiteko orientabide pedagogikoak eta osasun eta lan prebentzio protokoloak, eta orain zentro bakoitzari dagokiola plana lantzea. Ikastetxeek ikuskaritzaren, berritze guneen eta hezkuntza sailaren beraren laguntza izango dutela agindu du.
Hezkuntza sailburuak argi esan du zentro bakoitzak erabakiko duela nola hasi berriz, eta, egoki justifikatuz gero, uler dezakeela toki batzuetan ez hastea, edo beranduago hastea. Sailak malgu jokatuko duela dio, baina erantzukizunez jokatu behar dutela guztiek.
Sindikatuek aurreratutako planto eta greba deialdien harira sailburuak eskatu die “ongi pentsatzeko” euren jarrera. Orain arte sindikatuekin hitz egin dutela dio eta aste honetan ere hizketan segitzeko prest dagoela bere saila.
Uriartek, bestalde, baztertu egin du Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorren Bigarren Hezkuntzako 3. Mailaz azpiko ikasleak ikasturte honetan eskolara bueltatzea. Erabakia “pena handiz” hartu dutela dio, “pedagogikoki ez ezik emozionalki eta sozialki ere ikasle horiek behar dutelako eskolarekin eta irakasleekin harremana”. Zalantza egin du, bestalde, 0-1 urteko haurren kasuan haur eskolak aurreikusi bezala berriz ireki ahal izango dituzten ala ez. Osasun agintariekin aztertzen jarraituko dutela esan du.
Gaurko zuen aurreikusia Eusko Jaurlaritzak aurrez aurreko eskolak berriz hastea, eta Espainiako Gobernuari fasez aldatzea proposatuz igorritako 'Bizi Berri' planean hala aurreikusten zela gogoratu du Uriartek. Plan horri eragozpenik jarri ez bazion ere, Espainiako gobernuaren aldetik agindurik argitaratu ez zenez, segurtasun juridiko ezagatik erabaki zuela Jaurlaritzak astebeteko atzerapena.
Datorren ikasturtea nolakoa izango den ezin du oraindik aurreratu Uriartek. Printzipioz kurtsoa irailaren 7an hasiko dela espero du, baina zehaztasun gehiagorik eman gabe. Irakaskuntza nola antolatuko duten zentroekin eta zuzendaritzekin landuko dutela dio eta metodologia desberdinak konbinatu beharra izango dela, sormenezko soluzioak emanez.