Itxi

Faktoria

Eneko Goia

“Marea igotzen denean Kontxa ixtea aztertzen ari gara”

Alde Zaharrean, Grosen eta Matia kalean terrazen azalerak zabaltzea ez du bideragarri ikusten alkateak, bai aldiz auzoetan. Udalaren diru sarrerak % 20 murriztuko direla uste du.

  • Eneko Goia

    Eneko Goia

    30:32 min
imagen player
imagen player
imagen player

Eneko Goia Donostiako alkateak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du hondartza denboraldia ekainaren amaiera aurretik hastea zaila izango dela. Aitortu du nahi lukeela euskal kostaldeko hondartza guztietan batera hastea denboraldia. Oraindik aztertzen ari dira jendearen artean segurtasun distantzia mantentzeko zein neurri hartuko dituzten, baina alkateak ez du baztertu marea igotzen den kasuetan Kontxa itxi behar izatea.

Hondarretan marrak egin eta espazioa banatzea, edota hondartza adin tarteka antolatzea ez zaizkio irtenbide bezala gustatzen Goiari, "hiritarrak ez dira adin txikiko bezala hartu behar", esan du.  Aurreratu du, bestalde, ia ziurra dela Donostiako hondartzetan jarri ohi diren toldo, eguzkitako eta karpak aurten ezingo direla jarri, eta aldagela eta komunekin zer egin zalantza handiak dituztel.

Terrazak

Tabernetako terrazen azalera zabaltzeari buruz, Goiak argi esan du auzune batzuetan posible izango dela hori egitea, espazio publikoari kalterik egin gabe, baina zaila izango dela hori egitea Alde Zaharrean, Grosen edota Matia Kalean, bestela ere nahikoa

Berekoitzat jo ditu Goiak auzo elkarteetatik aukera honen aurrean egin diren kritikak, eta ostalari eta merkatariekiko elkartasun falta egotzi die.

Goiak argi du nahiz eta baimena izan, jatetxe eta taberna askok ez dituztela oraindik ateak irekiko, hain bezero kopuru mugatuarekin ez zaielako errentagarri izango. Espainiako gobernuak aldi baterako erregulazio espedienteak malgutzeko baimenik eman ez duenez, bezero gutxirekin orain ERTEan dauden langile guztiak lanean hastea ez dela bideragarria dio.

Kultur ekitaldiei eustearen alde

Udako kultur jarduerei buruz, Eneko Goiak esan du bere apustua dela ahal den neurrian Jazzaldia edota Musika Hamabostaldia bezalako ekitaldiak mantentzea, nahiz eta era mugatuan izan. Aretoen edukiera erdia betetzeko baimena izatea jo du beharrezko ekitaldiak egin ahal izateko. Jazzaldiko hondartzako kontzerturik ez dela izango seguru jo du eta kontzertuetan orkestra handiak ikustea ere ez dela posibkle izango, musikarien euren segurtasunagatik. Ahal den neurrian ekitaldi horiei eustearen aldeko da Goia, bere esanetan "hiriaren izaera kulturalean sinesten dugulako eta horren alde apustu egin nahi dugulako".

Aste Nagusiari dagokionez, kolokan dagoela aitortu du, jaien oinarria jende kontzentrazioa delako eta oraingo baldintzetan zaila izango delako festak egitea.

Diru sarrerak behera

Alkatearen esanetan Donostiako udalak bere diru sarreren %20a murriztuko dela aurreikusi du koronabirusaren krisiaren ondorioz, baina oraindik hirian izango duen inpaktu ekonomiko osoa aztertzeko garaiz da. Aurreratu du hainbat inbertsio ekonomiko atzeratu egingo direla, esaterako aurten esleitzekoak ziren Kontxako barandaren bigarren zatia berritzea, jockey zelai berritzea  edota estadio txikiko lanak. Laguntza sozial eskariak nabarmen igotzen ari direla esan du, eta horri erantzutea dela lehentasuna. "Gidoia aldatu denez, jokaerak ere aldatu egin behar dira".