Itxi

Faktoria

Azkarateko proiektua

Hondakinek, atzera, giroa gaiztotu egin dute Azkoitian

Larke 360 enpresa pribatuak Azkarate gainerako duen proiektuak eztabaida latza eragin du Azkoitian. Partehartze prozesua agindu du Javier Zubizarreta alkateak baina plataformak ez dira fio.

  • Azkarateko orubea. Javier Zubizarreta alkatea eta Rosario Lasa eta Patxi Gorosabel plataformetakoak.

    Azkarateko orubea. Javier Zubizarreta alkatea eta Rosario Lasa eta Patxi Gorosabel plataformetakoak.

    20:15 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ez da giro Azkoitian. Larke 360 enpresa pribatuak Azkarate gainean hondakinak bildu eta sailkatzeko gune bat egiteko duen proiektuak erabat asaldatu eta txartu du giroa. Hilaren hasieran izan zuten herrian, prentsa bidez, asmo honen berri. Alarma egoerapean, sutan jarri ziren sare sozialak eta Maxixatzen herri aldizkariko eztabaidaguneak; gauero, eltzeak jotzen hasi ziren balkoietatik eta bat ez baizik bi plataforma sortu dira. "Azkarate Garbi" herritarren plataforma herrian eta Madariaga (Madarixe) auzoko baserritarrena.

Izendapenetik bertatik dago desadostasuna. Udaletik diote eraikuntzako hondakinak birziklatzeko planta dela Azkaraten egingo litzatekeena: Baloriazio planta dela eta soilik eraikuntzako eta eraispenetako hondakin ez arriskutsuak iritsiko liratekeela bertara. "Bailaran behar handia dute igeltseroek edota eraikitzaileek", esan du Javier Zubizarreta alkateak eta "horrelako guneak pentsatu zirela hondakindegi ez legezkoak sahiesteko". "Niri", zehaztu du, "gustatzen zait proiektu hau. Birziklatu egingo delako".

Jaurlaritzak Larke 360 S.L.ri emana dio jada proiektua zabaltzeko behar lukeen ingurumen baimena eta bertan jasotzen da urtean ia 200.000 tona jasoko lituzkeela: eraikuntzatik etorritako egur, harri, adreilu edota hormigoia baina bat ere isolagarriak eta metalak. Eta baita ere, herrietako gaikako bilketatik asotako edukiontzi, plastiko edo ehunak. Hori argudiatuta diote plataformetatik Azkaratekoa "zabortegia" litzatekeela, txostenek onartzen dutela material arriskutsuak ere jasoko direla, kutsadura izango dela. "Baimena badute, gainera", zehaztu du Patxi Gorosabel Mokoroa baserritik, baita ere, lixibiatuak errekara botatzeko".

Herrian sortu den egonezaren ondoren Udalak eten egin du arau subsidiarioen aldaketa prozesua eta partehartze prozesu bat agindu du.  "Adostasunik ez badago", dio Zubizarretak, "ez da proiektua gauzatuko". "Eta adostasunak esan nahi du", hitz eman du, "ahobatekotasuna".

"Azkarate Garbi" plataformak proposamenari zuhurtziaz erantzun dio. Rosario Lasak azaldu du elkarrizketa dela bidea eta horregaitik erabaki dutela lapiko jotzea ostegunetara mugatzea. "Baina ez gara fio", ohartarazi dute, "esperientziak erakusten digutelako horrelakoak herriaren haserrea isilarazteko baliatu dituztela, gero, ixil-ixilik, nahi dutena egiteko". Azkarate gaineko proiektuak azkoitiarrengan eragin duen haserrealdi handiaren arrazoiak azaldu ditu Lasak, hemen azpiko audioan.



Alkateak, aldiz, azpimarratu nahi izan du inportantea dela herritarrek informazio osoa edukitzea eta asmo hori duela partehartze prozesuak. "Gero eman dezatela nahi duten iritzia" . Eskatu du inork "ez dezala erabili eztabaida herrian berriz zatiketa sortzeko" eta lasaitasunerako deia egin die azkoitiarrei.