Itxi

Faktoria

Lide Amilibia

"Behar berriak sortzen ari dira eta lehen larri zeudenak okerrago daude"

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak laguntza ildo berriak sortu ditu, gizarte larrialdiei erantzuteko. Kontziliazio laguntzak emango zaizkie 14 urtera arteko haurren gurasoei.

  • Lide Amilibia

    Lide Amilibia

    10:44 min
imagen player
imagen player
imagen player

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, koronabirusaren ondorioz izan den geldialdi ekonomikoa gizarte premia berriak sortzen ari da. Lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarrak are baldintza kaskarragoetan daudela azaldu du Amilibiak, eta premia berriak dituztenak ere sortu dituztela.

Egoera berriari erantzuteko, Jaurlaritzak 16 milioi euro gehiago bideratuko ditu gizarte larrialdietako laguntzetara, guztira 43 milioi euro. Dirulaguntza hauek udalek banatzen dituzte, premia duten herritarrek etxebizitza, argindar, gas edota mantenu gastuak ordain ditzaten.

Gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan dago Jaurlaritza, horiek eskaintzen dituzten zerbitzuetan atzematen diren premien berri izan eta horiei erantzun ahal izateko, horretarako propio sorturiko 10 milioiko funts baten bidez.

Kontziliazioari dagokionez, Jaurlaritzak zabaldu egin ditu haurren zaintzagatik eszedentzia edo lanaldi murriztua hartu behar izan duten gurasoei ematen zaien dirulaguntza. Orain arte eszedentziak diruz laguntzen ziren hiru urtera arteko haurren gurasoen kasuan, eta lanaldi murriztuak 12 urteko haurren gurasoenean. Lide Amilibiak baieztatu du eskolak itxita daudenetik zaintza premia berriak sortu direla eta horregatik 14 urtera arteko seme-alabak dituzten guraso guztiei emango zaizkiela laguntzak, hartzen duten baimenaren arabera. Gainera, atzeraeraginez emango dituzte, eskolak ixteko erabakia hartu zen unetik abiatuta.