Faktoria
Markel Olano
'Zahar-etxeetako langileen eskaera guztiak onartzeak luzera kaltea dakar'
Aldundia mugimenduak egiteko prest dagoela dio Olanok, baina aldeei negoziatzeko eskatu die. Greba luzatzea erabakiz gero gutxieneko zerbitzuak igoko dituztela ere iragarri du.
-
Markel Olano
28:15 min
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n iragarri du aldundiak eskatua diola Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzuak % 80ra igotzeko, baldin eta zahar-etxeetako greba luzatzen bada. Grebarako eskubidea errespetatzen duela dio, baina egoitzetan bizi direnen duintasuna bermatzea dela aldundiaren lehentasuna. Iragarri du, gainera, egin diren greba egunengatik familiei bueltatu egingo zaiela ordaindu duten diruaren zati bat.
Sindikatu guztiei eta patronalei dei egin die Olanok negoziazio mahaian hizketan jarrai dezaten. Gipuzkoako Aldundia mugitzeko prest dagoela esan du, baina epe laburrari ez ezik erakundeari epe luzera begiratzea ere badagokiola, eta langileen eskari guztiak onartuz gero, epe laburrerako arazoa konponduko litzatekeela baina luzera kaltea ekarriko lukeela, sistema itota utziko lukeelako.
Hain zuzen, babes sistemari eutsi ahal izateko Markel Olanok uste du presio fiskalari eutsi egin behar zaiola eta datorren urtean, zerga erreforma berrikusterakoan, berak defendatuko du zergak ez murriztea. Arabako eta Bizkaiko ahaldu nagusiek jada esana dute ondarearen zerga kentzeko premia dagoela eta Olanok ez du eskari horrekin bat egin.
Proba fasean dagoen Zubietako erraustegiaren inguruan ahaldun nagusiak nabarmendu du Europa mailan dagoen azpiegitura aurreratuenetarikoa dela eta kutsadura ikuspuntutik ez duela ondoriorik ekarriko. Usurbilgo udalak deitutako manifestazioaren harira, azpiegitura kritikatzea zilegi dela esan du, baina herritarrei osasun gaiekin beldurra sartzea ez dela onargarria.