Faktoria
Laura Garrido | PP
'Harrituta eta minduta gaude'
Cayetana Alvarez de Toledok Euskadiko Alderdi Popularrari egindako kritikak ez dituztela ulertzen esan du Garridok, bidegabeak direla eta erakusten dutela hemengo errealitatea ez duela ezagutzen.
-
Laura Garrido
13:43 min
Laura Garrido, Euskadiko PPren bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n aitortu du harrituta, minduta eta hunkituta daudela Diputatuen Kongresuko bozeramaileak, Cayetana Alvarez de Toledok, Euskadiko PPren inguruan egindako adierazpenengatik.
Garridok ez du adierazpenak zertara datozen ulertzen, eta alderdiaren egoitza askotatik deiak jasotzen ari direla aitortu du, Alvarez de Toledok esandakoagatik azalpenak eskatuz.
Euskadiko PPren ibilbidea ezaguna dela dio, kide askok galdu dutela bizia askatasunaren defentsan, ETAk hil dituelako. Orain adierazpen hauek egiteak erakusten du, Garridoren ustez, Alvarez de Toledok ez duela hemengo errealitatea ezagutzen.
Eskubide foralak eta kontzertu ekonomikoa Espainiako Konstituzioan oinarrituta daudela gogoratu du legebiltzarkide popularrak eta Aznarren agintaldian eman zitzaiola kontzertuari behin betiko izaera. Hori defendatzea ez dela nazionalismoarengandik gertu egotea dio, eta Euskadin nazionalismoak alternatibarik badu, hori PPren eskutik etorriko dela.
Hain zuzen, asteburu honetan egingo duten konbentzioan alternatiba hori eraikitzen segiko dutela aurreratu du herritarrei eragiten dieten arazoei irtenbidea bilatuz. Konbentzio hori Pablo Casado PPren presidenteak itxiko du eta hori ikusiko da, Garridoren ustez, estatuko PP Euskadikoarekin bat datorrela.