Itxi

Faktoria

Jon Plazaola

'Ez naiz euskaldun ofiziala, ez nire atarian, ezta Espainian ere’

Loserra, galtzailea, izatea askoz nahiago du aktore eta aurkezleak. 'Askoz politagoa eta entretenigarriagoa da, nora igo edukitzea', kontatu digu gertuko elkarrizketan.

  • Jon Plazaola aktore eta aurkezlea, Maite Artolarekin

    Jon Plazaola eta Maite Artola

    26:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Jon Plazaolak nahiago du loserra, galtzailea, izatea. ‘Askoz politagoa eta entretenigarriagoa da loserra izatea, winnerra izatea baino’, kontatu digu: ‘Loserrak beti izango du, gainera, muino bat igotzeko’. Ondo baino hobeto datorkio, beraz, Aitziber Garmendiarekin batera entsegatzen ari den antzezlanaren izena, Losers: ‘Momentu gozo bat bizitu dut baina ez dakit zer etorriko den orain’, esan digu entsegutarako bidean Miramonen geldialdia eginda.

Txikitan Tom Seleck edota Joxe Ramon Soroiz imitatzen zituen mutiko hark amets asko bete dituela sentitzen du baina asko dituela oraindik betetzeko. Baina badaki aktoreen loriaren eta itzalaren arteko muga ‘fin-fina’ dela. Lanean ari zela harrapatu zuen zorteak, 'Alli Abajo'-ko Iñaki bihurtzea, gurpil mediatikoan jiran hastea eta Espainiako star-sistemean sartzea.

‘Ufa! Ez. Ez naiz euskaldun ofiziala, ez nire atarian eta Espainian ere ez. Ez naiz gure mugetatik kanpora super euskaldun bihurtzen naizen horietakoa. Benetan banaizelako segur aski, eta ez dut demostratu beharrik’.

Topikoetatik egindako umore zuriaren defendatzaile da. ‘Umoreak baditu mila aurpegi eta entretenimendua ere behar da. Hori da guk egiten duguna’, dio. Gaineratu du umoretik hobeto egin litekeela herri baten erretratua eta gaitzetsi ditu zentsura denak: ‘Erdi aroan bufoiak erregeak hiltzen zituen. Gaur egun, herriak berak hiltzen ditu bufoiak edo komikoak. Denok gogoeta egin beharko genuke horren inguruan, iritzi dio, gertutik, Maite Artolarekin izandako elkarrizketa pausatuan.