Itxi

Baipasa

Hondarribiko Gorria

Aitor Baztarrika: "Espainiako Alderdi Komunistako Idazkari Nagusi izan zen Carrera, eta inork gutxik daki"

Erik Aznal | EITb Media

2018an herriratu zituzten Jesus Carrera buruzagi komunistaren gorpuzkiak Alcala de Henareseko hobi batetik Hondarribira.Inork gutxik zekien bertan nor izan zen Carrera, ezer gutxi zekien Baztarrikak berak ere. Espainiako Alderdi Komunistako Idazkari Nagusi izandakoaren bizitza jaso du zuzendariak.

  • Aitor Baztarrika

    Aitor Baztarrika

    21:50 min
imagen player
imagen player
imagen player

1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Jesus Carrera Olascoaga buruzagi komunista. 33 urte baino ez zituen orduan. 73 urte geroago bere gorpuzkoak Hondarribiara herriratu zituzten, Hondarribira. Hain justu momentu horretan heldu zion Aitor Baztarrika zuzendariak dokumentalari, Aitzol Arroyo historialariak proposamena eginda. 6 urteko ibilbide honetan Jesus Carreraren ibilbidea osatzen joan dira, oinarri hartuta, haren aurkako polizia operazioaren sumarioa, senideen elkarrizketak, eta kamarada izan zituenen ahozko testigantzak.

Igeltseroa zen Jesus Carrera eta hogei urterekin sartu zen UGT sindikatuan. Handik gutxira, Irungo gazte komunisten idazkari politiko egin zen, eta 1935ean, Euskadiko Alderdi Komunista sortu zenean, Donostiara lekualdatu zen, idazkari sindikal eta UGTko bokal lanetan aritzeko. Han harrapatuko du gerra zibilak Carrera. Gerrak eramango du koadro politiko izatetik gerra buruzagi lanetara: Gernikako Arbola batailoian lehenengo, Kantabrian eta Asturiasen gero eta Katalunian azkenik.

Beste milaka errepublikazalerekin batera, 1939ko Erretirada ezagunaren parte izan zen. Frantziako kontzentrazio esparru horretan jarraituko du Carrerak Espainiako eta Frantziako Alderdi Komunistaren arteko bitartekari lanak egiten, eta klandestinoki itzuliko da Espainiar Estatura. Herrialdean sortzen ari zen Alderdi Komunista Internazional Komunistaren agintetik atera ez zedila izango da bere ardura, eta horrela iritsiko da alderdiaren idazkari nagusi izatera, 1943an. Urte horretako martxoaren 15ean atxilotu zuten, sarekada batean, eta bi urte geroago, 1945eko urtarrilaren 16ean, 33 urte zituela, Alcalá de Henareseko hilerrian fusilatu zuten.

Ibilbide hori guztia jaso du Baztarrikak dokumental honetan. Ostiralean, hilak 31n, egingo dute dokumentalaren aurkezpena Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Aurretik, Baipasan kontatu dizkigu zuzendariak dokumentalaren nondik norakoak.