Sanferminak
Jaien hasiera
Sanferminetako txupinazoa, zuzenean Interneten
eitb.eus
eitb.eus-ek 'streaming' bidez eskainiko du San Fermin Jaien hasiera.
eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du uztailaren 6 honetan sanferminetako txupinazoa. Emisioa streaming bidez izango da, eta ordubete lehenago, hau da, 11:00etan, hasiko da.
EiTBren webguneak webgune berezi bat jarri du abian, munduko jai onenei buruzko eduki guztiak biltzeko: kronikak, argazkiak, bideoak, infografiak eta entzierroaren egunez eguneko jarraipena.
Aurten "Gora San Fermin!" oihukatzeko ardura Jesús Ilundain Zaragüeta, "El Tuli"rena izango da, Iruñea guztian sanferminzale amorratua izateagatik ezaguna den 80 urteko gizona.
Uztailaren 14ra arte, 400 ekitaldi baino gehiago antolatu dira. Horretatik % 67 musika ikuskizunak izango dira, % 22 haurrentzat eta familientzat zuzendutako ekitaldiak, eta % 6 zezenketekin lotutako ikuskizunak. Denera, 1,95 milioi euro bideratuko dira sanferminetarako.
Duela 90 urte Ernest Hemingwayk idatzitako liburu famatuaren ondorioz, mundu guztian dira ezagunak sanferminak, eta horrek milaka bisitari erakartzen ditu urtero Iruñera. Jende masifikazio horrek ere erantzun beharreko hainbat arazo sortzen ditu, eta, hori dela eta, osasun zerbitzua bikoiztu egingo da eta 3.400 polizia egongo dira.
Bestalde, Iruñeko Udalaren arabera, urtero entzierroetan parte hartzen dutenen kopurua txikiagoa da, baina, hala ere, iaz 16.629 lagunek parte hartu zuten entzierroetan. Milaka lagun horien segurtasuna bermatzeko, labainkadak saihesteko likido berezi bat eman dute ibilbidearen hainbat puntutan.
Txupinazoa, ETBn ere zuzenean
ETB-1ek ere zuzenean eskainiko du sanferminetako txupinazoa, 11:00etatik.
Aritz Agirre Euskadi Irratiko kazetariak eta Ilaski Serrano aurkezle ezagunak egingo dute emanaldiaren gaineko kontakizuna; Maite Eskarmendik eta Aitor Perezek, berriz, kaleko giroaren berri emango dute.