Herriak eta Hiriak
Gasteiz
Zeledon jaitsi eta lehertu da festa Gasteizen
eitb.eus
Zeledonek "errespetuz" jostatzea eskatu die plaza bete duten milaka pertsonei, emakumeekiko errespetuarekin batez ere.
Milaka gasteiztarrek jaso dute gaur Zeledon, eta jaiaren eta zalapartaren buruzagi "izendatu" dute Gasteizko Andre Maria Zuriko jaien sei egunetarako.
Zalduondoko baserritarrak ez du hutsik egin, eta, abuztuaren 4an egin ohi denez, San Migel elizako kanpandorretik jaitsi da. Aldez aurretik, txupinazoak Andre Maria Zuriaren plazan zeuden milaka pertsonen poztasuna eragin du.
Panpina plazako muturrera heldu denean, hezur-haragizko Zeledon irten da, eta aurretik panpinak egindako ibilbide bera errepikatu du, oraingoan alderantziz, oinez. Azkenik, kooperanteek suziria jaurti duten tokira itzuli da.
Zeledonek "errespetuz" jostatzea eskatu die plaza bete duten milaka pertsonei, emakumeekiko errespetua nabarmenduta.
Gorka Urtaran alkateak gasteiztarrek eta bisitariek jaiez "dotoretasunez eta errespetuz" gozatzea eskatu du, eta gaur bizitako "aparteko giroak" datozen egunetan ere jarraituko duela esan du.
Gaurtik aurrera, Gasteizek gustu eta publiko guztientzako ekintzak jasoko ditu ostiralera arte. Egun horretan, Zeledon elizako dorrera itzuliko da, 2020ko Gasteizko jaiak hasteko zain.
350 ekintzatik gora egongo dira
Andre Maria Zuriaren omenezko jaietan, uztailaren 4tik 9ra, adin guztietarako 350 ekintza baino gehiago izango dira Gasteizen, aurreko egunetan izandakoak ere zenbatuta.
Urtero bezala, musika izango da gaueko giroaren oinarrietako bat jaietan. Foru plazan, Huntza, La M.O.D.A., Fangoria, Gatillazo eta Mago de Oz arituko dira.
Aihotz plazan, aldiz, euskarazko kontzertuak eskainiko dira Joseba Tapia, Modus Operandi, NoGEN eta Anje Duhalderen eskutik.
Bestalde, orkestra handien ekitaldiak entzungo dira gauero Espainia Plazan, eta berbenak egongo dira Arka plazan.
Suak abuztuaren 5etik 8ra egongo dira Mendizabala azokan, eta haurrentzako ekitaldiak hiri osoan zehar banatuko dira.
Aurtengo edizioan, ekintza gehiago jaso dituzte egitarauan, 350 ekintzatik gora egongo baitira, eta 790.000 euroko aurrekontua izango dute.