Itxi

Herriak eta Hiriak

Aste Nagusia 2019

Bilboko Udalak Erripa kaira lekualdatuko ditu Plaza Biribileko txosnak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Larunbatean egingo duten Konpartsakide Egunaren aurkezpenean, txosnak lekutik mugitzea "kezkagarritzat" jo dute konpartsek, "luxuzko hotel baten mesederako" egin dutela iritzita.

  • Bilboko Konpartsak

    Bilboko Konpartsak, Konpartsakide Egunaren aurkezpenean

Bilboko Udalak aldaketak iragarri ditu 2019ko Aste Nagusirako, Plaza Biribileko txosnak Erripako kaira lekualdatuko baitituzte. Gainera, orain arte Areatzan egin ohi zituzten dantzaldiak Plaza Biribilean izango dira aurrerantzean.

Bilboko konpartsetako kideek gogor kritikatu dute lekualdaketa, "Jai Batzordeari ezer esan gabe eta horren inguruko iritzirik jaso barik" egin duten "mugimendu kezkagarri bat" dela iritzita.

Ildo horretan, adierazi dute "Areatzan zabaldu duten luxuzko hotelari mesede egiteko helburuarekin" egin duela aldaketa Udalak, eta ziurtatu dute onartezina dela interes pribatuengatik jai herrikoiak baldintzatzea.

"Jai-barrutia guztion artean kudeatu beharko genuke; hau da, Jai Batzordea eta Bilboko Konpartsak arduratu beharko ginateke horretaz", nabarmendu dute.

Konpartsetako ordezkariek uztailaren 20an egingo duten Konpartsakide Eguna aurkeztu dute gaur. Goizeko prentsaurrekoan, Itziar Martinez eta Iñigo Fernandez de Martikorena ordezkariek hartu dute hitza.

Konpartsakide eguna

Agerraldi horretan iragarri dute 28 konpartsa lanean ari direla dagoeneko, Aste Nagusirako dena prest izateko. Hain zuzen ere, larunbat honetan hasiko dute atzerako kontaketa, Konpartsakide Egunaren ospakizunarekin.

Horretarako, egitarau zabala prestatu dute, "jai herrikoiak eta parte-hartzaileak" sustatzeko asmoz.

Hori horrela, egun horretan Bilbora gerturatzen direnek haurrentzako jolasak, tailerrak, ardo dastaketa, Lehian taldearen dantzaldia eta Orkresta elektrotxarangaren kalejira izango dituzte aukeran, eta tokiko piperren eta tomateen ohiko banaketaz gozatu ahal izango dute.