Itxi

Herriak eta Hiriak

sanferminak

Sanferminetako hirugarren entzierroa: arina eta garbia

EITB. EUS

Jose Escolar ganadutegiko zezenek 2 minutu eta 13 segundo behar izan dituzte plazako ukuiluetara heltzeko (orain arteko lasterketa arinena). Bi lagun eraman dituzte ospitalera, kolpeekin.

2:20
Bi korrikalari eraman dituzte ospitalera

Azkar eta garbi joan da San Fermin jaietako hirugarren entzierroa. Jose Escolar ganadutegiko (Avila) zezenek 2 minutu eta 13 segundotan egin dute plazara arteko ibilbidea. Ez da inor adarkadaz zauritu, baina bi pertsona eraman dituzte ospitalera kolpeak direla eta (orkatilan eta besoan, hurrenez hurren).

Asteartea izanda, jende gutxiago egon da lasterketan. Zerua lainotuta egon da, baina ateri, atzo arratsaldean Nafarroan izandako euriteak atzean utzita. Aurtengo sanferminetako entzierro arinena izan da gaurkoa.

Zezenak taldean joan dira ibilbide osoan. Estafetan, ordea, apur bat barreiatu dira, baina joaldunak aurretik jarraitu dutenez, korrikalariak ezin izan ia dira zezenen aurrean jarri.

Estafetaren azken zatian joaldunetako batek irrist egin du, eta ondorioz, zezenetako eta lasterkarietako batzuk lurrera jausi dira. Dena den, animaliak arin altxatu dira, eta plazarako bidean jarraitu dute.

Erorketaren bat edo beste izan da Estafeta kalearen ezkerreko hesiaren kontra. Gainerakoan, arazo barik amaitu da lasterketa, aurtengo sanferminetako marka azkarrena lortuta.

Bi pertsona ospitalera, kontusioekin

Tomas Belzunegui Nafarroako Ospitale Guneko Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariordeak azaldu duenez, bi pertsona artatu behar izan dituzte Estafetan jasotako kolpeen ondorioz.

Batek haustura du eskumako orkatilan, eta ebakuntza egin beharko diote.

Besteak burezurreko kontusioa eta besoan kolpea ditu. Ziurrena gaur bertan emango diote senda-agiria.