Herriak eta Hiriak
SANFERMINAK 2019
Udaletxetik ikurrina erakustea galarazi dute Iruñeko txupinazoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eguerdian, Jesus Garisoain La Pamplonesa bandako zuzendariordeak bota du txupinazoa. Tentsioa bizi izan da EH Bilduren eta Geroa Bairen balkoian, udaltzainek ikurrina ateratzea galarazi baitiete.
2019ko sanferminak abian dira jada. Eguerdian, ohiko txupinazoarekin ekin zaio festari. Jesus Garisoain La Pamplonesako bandako zuzendariordeak bota du txupinazoa. Iruindarrek eurek aukeratu dute La Pamplonesa txupinazoa botatzeko, ehun urte betetzen dituen honetan.
Garisoain eta Jose Andres Palacios La Pamplonesako presidentea 12:00ak jotzeko gutxi falta zenean irten dira udaletxeko balkoira eta elkarrekin egin dute hasiera diskurtsoa: "Pamplonesas, pamploneses, viva San Fermín, iruindarrak, gora San Fermin".
"Une horretan ez dizu asko pentsatzeko denborarik ematen, dena ondo egiteko presioarekin zaude eta ez zara inortaz ere gogoratzen, baina behin igarota, pare bat minutura edo, lasaiago zaudenean, egon ez den jende hori guztia etortzen zaizu burura" adierazi die komunikabideei, hunkituta, Jesus Garisoainek.
Plaza lepo zela bota dute jaiari hasiera ematen dion suziria. Bertan zirenek kantuan eta umore onez itxaron dute txupinazoaren garaia, eguraldi ederraz lagundurik.
Segurtasun arazoak argudiatuta, Udalak debekatu egin zuen kristalezko botilak, makilak eta banderak sartzea, baina presoen etxeratzearen aldeko bandera eta ikurrina handi bat ikusi ahal izan dira plazan.
Ikurrina dela eta tentsio handiko momentu bat bizi izan da, gainera, udaletxean. Joseba Asiron alkate ohia eta Itziar Gomez zinegotzia ikurrina bat ateratzen saiatu dira EH Bilduren eta Geroa Bairen ordezkarientzat erreserbatutako balkoitik, baina han ziren udaltzainek ez diete utzi.
Gomezek ETBko kameren aurrean salatu duenez (segurtasun arduraduna izan zen azken legegintzaldian eta udaltzaingoaren buru, beraz) "barrura tira egin didate ikurrina atera ez nezan". "Amorru handia daukat, hau ez da inoiz gertatu" esan du. Antza denez, udal polizia eurek baino lehenago atera da balkoira, "gu ateratzea eragozteko eta ikurrina jartzea ekiditeko" azaldu du Geroa Baiko ordezkariak, eta 1977tik urtero erakutsi dela ikurrina balkoitik gogoratu du. Oihuak eta bultzadak izan dira poliziaren eta zinegotzien artean:
Joseba Asironek ere "momentu tristeak" bizi izan dituztela esan du, "gure balkoian jarri nahi genuen ikurrina, ez beste inoren balkoian" eta hark ere indarrez "milaka boto emaileren babesa duen bandera bat erakustea" galarazi dietela salatu du. "Sentsibilitate eta identitate guztiak errespetatuko diren jaiak" erreibindikatu ditu alkate ohiak eta "adierazpen askatasuna errespetatu beharra" dagoela ere gaineratu du.
Enrique Maya Iruñeko alkatearen iritziz, "zinegotzi abertzaleak etengabe elkarbizitzaren aldeko mezuak zabaltzen ari dira, baina batzuk hori hautsi egin nahi dute". "Dena prest dute behar ez den momentuan dena leherrarazteko, horrelakoak dira eta horrela aritzen dira. Ni lasai egongo naiz, festa guztiaren gainetik baitago" esan du.
"Ez dugu Iruñeko Udalean ikurrina jartzen utziko, ez delako sinbolo ofizial bat" argudiatu du, "haserrea eragiten duena jartzea da, ez jartzen ez uztea". "Sinbolo ofizialak dira egon behar direnak. Euskaldun sentitzen direnak erabat ordezkatzen ditu Nafarroako banderak eta ikurrina Nafarroa Euskadiko zati izatea nahi dutenek besterik ez dute nahi" kritikatu du.
Maite Esporrin PSNko bozeramaileak, bere aldetik, indarkeriaren erabileraren aurka dagoela esan du, baina ados dagoela Maya alkatearekin ikurrina jartzen ez uztearekin, "beste autonomia erkidego bateko bandera baita".