Itxi

Herriak eta Hiriak

Ostiral honetan

1.000 penitente baino gehiago izango dira Bilboko Jaunaren Hilobiratzearen prozesioan

Agentziak | Erredakzioa

Prozesioa ikusteko hitzordua 19:30ean izango da, Joan Santuen elizan. Jarraian, Zazpikaleetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte, eta Moyua Plazan amaituko dute.

  • Jaunaren Hilobiratzearen prozesioa, Bilbon.

    Jaunaren Hilobiratzearen prozesioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: ETBko bideo batetik hartutako irudia

Ostiral honetan, apirilak 19, 1.000 penitente baino gehiagok hartuko dute parte Bilboko kale nagusiak zeharkatuko dituen Jaunaren Hilobiratzearen prozesioan. Aste Santuan, Bizkaiko hiriburuan egin ohi den "prozesiorik garrantzitsuena" da.

Prozesioa ikusteko hitzordua 19:30ean izango da, Joan Santuen elizan. Jarraian, Zazpikaleetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte, erdiguneraino: Gurutze kalea, Zamudioko Atea, Dendarrikale, Santiago Plaza, Bidebarrieta, Areatza, Nafarroa kalea, Plaza Biribila, Kale Nagusia eta Moyua Plaza.

Bilbo Hiriko Penitentzial Kofradien Anaidiaren esanetan, “zalantzarik ez dago Bilboko hiriburuan egiten den prozesiorik garrantzitsuena dela”. Izan ere, “ikusle gehien biltzen dituen prozesioa da, eta eskulturen kalitatea ere nabarmentzekoa da, bai ikuspuntu historiko batetik zein artitikotik aztertuta”.

Gauzak horrela, ostiral arratsaldean, Jaunaren Hilobiratzearen prozesioan, ikusi ahal izango diren eskultura guztien artean, bi hauek dira “balio gehien” dutenak: Ecce-Homoa (Ricardo Iñurria, 1944) –irudien adierazkortasuna eta proportzionaltasuna nabarmentzekoa da- eta Juan Pascual de Menaren Errukia (1756), -Bilboko Aste Santuko bitxia-.

Mario Iceta Bilboko apezpikua Moyua Plazan izango da zain, eta Jaunaren Hilobiratzearen prozesioa lekura iristen denean, hitza hartuko du. Orduan, ‘Salve’-a abestuko du penitenteekin eta kofradekin batera.