Herriak eta Hiriak
Inauteriak 2019
Alejandro Echeita Benguria, Gasteizko Inauterietako kartel lehiaketan garaile
EiTB.EUS
"Bilatu" kartela izan da 2019ko Inauterietako irabazlea, botoen % 60 lortuta. Kartela diseinatu duen 19 urteko gazteak 1.500 euro eskuratuko ditu.
-
2019ko Gasteizko Inauterietako kartela. Argazkia: Gasteizko Udala
Alejandro Echeita Benguriaren "Bilatu" diseinuak irabazi du Gasteizko Inauterietako kartel lehiaketa. Otsailaren 26tik martxoaren 5era ospatuko dituzte aurten Aratusteak Arabako hiriburuan.
Aurkeztutako 40 lanetatik soilik lau aukeratu zituzten epaimahaikideek bigarren fasean lehiatzeko. Lau horietatik, botoen % 60 lortuta, "Bilatu" izan da garaile. Gainerako botoak "Hemen dago" eta "Festa zabaltzen!" kartelen artean banatu dituzte: botoen % 20 jaso du bakoitzak.
Kultura eta Komunikazio saileko bi udal teknikari eta Gasteizko hainbat arte eta diseinu ikastetxeetako ordezkariak izan dira epaimahaikide. Ikastetxeek prozesu parte-hartzaile baten bidez eman dute botoa.
Esan bezala, 19 urteko Alejandro Echeita Benguriaren diseinua nagusitu da lehiaketan. 2018an ere finalisten artean lehiatu zen Ilustrazio ikasketak egiten ari den gaztea.
13 urterekin hasi zen kartelak diseinatzen, eta, azkenik, 1.500 euroko saria eskuratu du aurten. Gainerako finalistetako bakoitzak 250 euro jaso ditu.
Kartel guztiak herritarren eskura egon daitezen, erakusketa antolatuko dute otsailaren 18tik martxoaren 5era Gasteizen bertan.