Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

San Frantzisko auzoan gutxienez 10 'narkopisu' daude, auzokideen arabera

Agentziak | Erredakzioa

Sanfran Auzokideak elkarteak dioenez, zerrenda bidali zion Udaltzaingoari. Udaleko iturriek ukatu egin dute.

  • Bilboko San Frantzisko kalea.

    Bilboko San Frantzisko kalea, ETBren bideo batetik ateratako artxiboko irudi batean.

Sanfran Auzokideak Bilboko San Frantzisko auzoko bizilagunen elkarteak adierazi duenez, duela aste batzuk helarazi zion Bilboko Udaltzaingoari auzoan omen dauden 10 'narkopisuen' zerrenda, baina, hori gorabehera, Udalak "ez du ezer egin" eta trafikatzaileek "inpunitate osoa" izaten jarraitzen dute.

Auzokideen elkarteak ohar baten bidez salatutakoaren arabera, Bilboko Udala auzoan "handituz doan segurtasun faltaren arazo larria ezkutatu nahian dabil". Elkartearen iritzian, auzoko kaleak "gaizkilez lepo daude, drogarekin trafikatzen dute eta auzokideak jazartzen dituzte; elkarbizitza ezinezkoa da".

Are gehiago, ohartarazi dute arazoa Bilboko beste auzo batzuetara zabaltzen ari dela: "Gaizkileak San Frantziskon egoten dira batez ere, baina Zazpikaleetara eta Abandora ere joaten dira, lapurretan eta droga saltzen".

Bilboko Udaltzaingoak, ordea, ukatu egin du zerrenda hori jaso izana. Halaber, ustezko 'narkopisuak' beste bitarteko batzuekin ikertzen ari direla nabarmen du Bilboko Udalak.