Herriak eta Hiriak
2019ko Danborrada
Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu ditu Goiak
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza eta kultura izan dira 2019ko dominetako protagonistak. Elizaran Ikastetxeak, Gaztetxo Antzerki Taldeak eta Eragin, Hazi eta Ikasi eta Ancora elkarteek jaso dituzte.
-
2019ko Hiritar Merezimenduaren Dominak banatzeko ekitaldia. Argazkia: EITB.
2019ko Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu dituzte larunbat honetan Donostiako Udaletxean. Elizaran Ikastetxeak, Gaztetxo Antzerki Taldeak eta Eragin, Hazi eta Ikasi eta Ancora elkarteek jaso dituzte dominak aurten, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik.
Horren esanetan, "Hiritar Merezimenduaren Domina hauek lan handia eta polita dakarte. Bakoitzak bere arloan denbora asko daramazue lanean gure hiria hobetzeko, eta donostiarren bizitza hobetzeko ere".
Donostiako Udalak Eragin Elkartearen lana aitortu du. 1966an sortu zen, eta "53 urtez emakumearen garapen pertsonal eta kulturala bultzatzeko egindako lanagatik" omenduko du Udalak.
Elizaran Lanbide Heziketako ikastetxeari "bete berri dituen 100 urteotan milaka donostiarren lanbide heziketan aitzindari izateagatik" eman dio domina. Bereziki "emakumearen sustapena eta laneratzea" aipatu ditu Udalak.
Ancora elkarteak "hiriko ondare urbanistikoaren alde egiten duen lanagatik" jaso du saria.
Hazi eta Ikasi boluntarioen hezkuntza elkarteak "baliabide gutxiko familien seme-alaben ikasketa prozesuan" lan egiten du, 7-14 urteko haurrekin.
Gaztetxo Antzerki Eskolak, Intxaurrondoko Salesianos ikastetxean sortuta, "20 urtetan antzerkigintzan egindako lanagatik" eman diote domina. 16 musikal eraman dituzte agertokietara.
Hogei proposamenetik gora aurkeztu dira aurten. "Talde eta pertsona fisiko edo juridikoek Donostiari eskainitako ezohiko zerbitzuengatik" ematen dituzte dominak.
Igandean haurren danborrada izango da, 8.200 haur baino gehiagok desfilatuko dute, eta Rosa Garcia etxegabetzeen aurkako ekintzaileak jasoko du 2019ko Urrezko Danborra.