Itxi

Herriak eta Hiriak

GABONAK GASTEIZEN

Gabonetarako egitarau oparoa prestatu dute Gasteizen

EITB.EUS

Abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra bitartean adin guztietarako ekitaldi eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Arabako hiriburuan.

  • Errege magoak iaz Gasteizen

    Errege magoak iaz Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko eta Gasteizko Udalak adin eta gustu guztietarako eskaintza zabala prestatu du. Abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra bitartean izango da zer ikusi eta zer entzun Arabako hiriburuan.

Aurten, Olentzero eta Mari Domingiren etxea eta Florida parteko jaiotza abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra arte egongo dira irekita. Olentzero eta Mari Domingiren etxean gutunak uzteko ordutegia 10:00etatik 21:30era artekoa izango da. Jaiotzako haitzuloa, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:30era zabalduko da. Halaber, jaiotza abenduaren 24an bedeinkatuko da, 13:00etan.

Olentzero eta Mari Domingi eta Errege magoak

Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 24an iritsiko dira hirira, galtzagorriek lagunduta. Haurrei harrera egingo diete 10:00etatik 15:00etara.

Desfilea Iparralde gizarte etxetik aterako da, 18:00etan, eta honako ibilbidea egingo du: Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea, Olagibel kalea, eta Espainia plaza.

19:00ak aldera, Olentzerok, Mari Domingik eta galtzagorri segizioak agurra egingo dute, udaletxeko balkoi nagusitik, eta gasteiztar guztiekin batera abestuko dute.

Errege magoak, berriz, 11:00etan iritsiko dira Gasteizko tren-geltokira. 11:20 aldera, udaletxeko balkoi nagusira aterako dira agur egitera. 12:15etik 18:00etara haurrei harrera egingo diete Goiuri jauregian, eta bidezko merkataritzako piruletak banatuko dituzte.

Desfilea 19:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, eta ibilbide hau egingo du: Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzean bukatuko da.

Izotz pista

Andre Maria Zuriaren plazan jarritako izotz pisa abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean egongo da zabalik. Honako ordutegia izango du: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Aurten, Kirol Zerbitzuak hartuko du bere gain izotz pistaren kudeaketa. 16 urtetik beherakoak 2,5 euro ordaindu beharko dute eta hortik gorakoek, ostera, 4 euro. Txirristatik jaisteko, berriz, 80 zentimo gehiago pagatu beharko dira.

VITORIA PISTA HIELO GASTEIZ IZOTZ PISTA NAVIDAD EGUBERRIAK

Izozt pista Andre Maria Zuriaren plazan egongo da. Argazkia: Gasteizko Udala

Eguberrietako haur parkea

Eguberrietako haur parkea Hegoalde Gizarte Etxean egongo da eta aurten "Olimpic Vitoria-Gasteiz" izenburupean egingo da.

Abenduaren 26tik 31ra eta urtarrilaren 2tik 4ra irekita izango da. Ordutegiari dagokionez, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era zabalik egongo da. Abenduaren 31n, ostera, goizez bakarrik irekiko da: 11:00etatik 14:00etara.

Sarrerak interneten edo leihatilan erosi ahal izango dira. Leihatilako ordutegia hau izango da: 10:30etik 16:00etara. Prezioa ez da bat eta bakarra izango. Goizeko txandan 2,5 euro pagatu beharko da; arratsaldean, 3 euro. 14 urtetik gorako laguntzaileek, ostera, euro bat.

Eguberrietako beste ekitaldi batzuk

Arabako Abesbatzen Elkarteak gabon kantei eskainitako 25 kontzertu emango ditu abenduaren 5etik urtarrilaren 4ra bitartean. Halaber, eta kale eta plazak animatzeko asmoz, 8 fanfarre ibiliko dira kaleetan abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean. Parte hartuko duten fanfarreak hauek dira: Akelarre, Biotzatarrak, Ezberdinak, Gesaltza, Indarra, Kirrinka, Kilkir eta Seigurpil.

Bestetik, Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen XV. Erakustaldia abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra ospatuko da. Guztira, lau ikuskizun eskainiko dira: "Super Wings, escuela de vuelo" (abenduak 26, 19:00), "Play’n’kids concierto familiar" (abenduak 28, 19:00), "Kantu kolore far west" (abenduak 30, 19:00) eta Errusiar ballet gaztearen "A través del espejo" ikuskizuna (urtarrilak 2, 19:00).

Butaka Txikia programan, berriz, umeentzako zortzi ikuskizun (antzerkia, txotxongiloak eta musika) eskainiko dira gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan. Ikuskizunak abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an eskainiko dira, eta sarrerak abenduaren 15eko (larunbata) 10.00etatik aurrera izango dira salgai, bost euroan.

Zure interesekoa izan daiteke: Eguberrietako kultur egitaraua