Herriak eta Hiriak
ekimen soziokulturala
Bilboko ‘Fair Saturday’ mugimendua, nazioartean zabaldu den ekimen soziokulturala
Agentziak | Erredakzioa
2014an sortutako ekimen soziokultural hau ‘Black Friday’ hitzordu garrantzitsuaren ondoren egiten da. Kulturarekin lotutako gizarte ekimenak babesten ditu.
-
Fair saturday
Nazioarteko ehun hirik Bilbon sortutako ‘Fair Saturday’ ekimenarekin bat egingo dute larunbat honetan. Elkartasuna bultzatzeko helburuarekin, urtero ‘Black Friday’ erosketak egiteko hitzordu garrantzitsuaren ondoren egiten den ekimen soziokulturala da. Izan ere, artearekin eta kulturarekin lotutako gizarte ekimenak babesten ditu.
Jordi Albaredak 2014an sortu zuen ekimen hori Bilbon, ‘Black Friday’ hitzorduaren aurrean. Orain dela lau urte besterik ez jaiotako mugimendua bada ere, nazioarteko ehun hiritan ospatzen da jada. Besteak beste, Malaga, Santander eta Huelva dira ekimenarekin bat egingo duten hiriak.
Bizkaiko abesbatzetako kide diren milatik gora lagunek hartuko dute parte, azaroaren 23an, Fair Saturday 2018 ekimen sozio-kulturalaren hasiera ekitaldian. Bilbao Arenan egingo dute kultura ekimen horren inaugurazioa, eta “ikuskizun ahaztezina” eskainiko dute.
Bilboko eta Euskal Herriko Unibertsitateko abesbatzak ere izango dira, baita Rossini Korua ere. Gainera, Bilboko Musika Bandak hainbat kantu joko ditu, Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta. Benito Lertxundi izango da artista gonbidatua, eta Marta Urbieta sopranoak eta Eley taldeak ere hartuko dute parte.
Amorebietan, Barakaldon, Bermeon, Getxon, Gorlizen, Igorren, Leioan, Santurtzin, Sestaon edota Sopelan ere ekimenarekin bat egingo dute larunbatean.
Nazioarteari begira, Milan, Bristol edo Lima izango dira mugimenduarekin bat egingo duten hiriak. Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroak horrekin bat egiteko asmoa zutela jakinarazi zuen iaz, Bilbon sortutako mugimenduak kulturarekin edota artearekin lotutako ekimenak babesten dituela iritzita.
Hiri bakoitzean jarduera ugari egiten dira aldi berean, eta nazioarteko artistek parte hartzen dute; artea, literatura, dantza, musika, antzerkia edota zirkoa babesteko helburuarekin.