Itxi

Herriak eta Hiriak

Bizkaia

Trafiko aldaketak Bilbon, Barakaldon eta Durangon, MTV Music Week dela eta

Eitb.eus

San Mamesen azaroaren 3an egongo den kontzertu handiaren harira, ibilgailuentzat itxita egongo da inguru guztia. Barakaldon eta Durangon ere zirkulazio aldaketak aurreikusita daude.

  • San Mames. Argazkia: EFE

    San Mameseko ingurua erabat itxiko dute larunbatean. Argazkia: EFE

MTV Music Week tarteko, Bizkaiko lau udalerritan datorren astean izango diren kontzertuek trafiko aldaketa eragingo dituzte Bilbon, Barakaldon, Durangon eta Getxon. Horrez gain, garraiobide publikoen zerbitzua indartuko da, musika emanaldietara ibilgailu pribatua erabili barik joan nahi direnentzat.

Larunbaterako, azaroaren 3rako, dago iragarrita kontzertu handiena: Bilboko San Mames estadioan Musek, Crystal Fightersek eta Berri Txarrak taldeak eskainiko dutena. Horrek eragingo ditu aldaketa gehien. Izan ere, bi egun lehenago hasiko dira moldaketekin. Asteazkenean, urriaren 31n, Felipe Serrate kaleko hainbat aparkaleku hartuko dituzte kontzerturako eszenatikoa ekarriko duten kamioentzat. Azaroaren 1ean, San Mameseko zabalgunearen zati bat itxiko dute, baina oinezkoentzat zabalik egongo da larunbatera arte.

Azaroaren 2an, hainbat aparkaleku kenduko dituzte Luis Briñas (Felipe Serrate eta eta Zunzunegui kaleen artean) eta Urkixo Zumarkalean (Sabino Arana eta Luis Briñas kaleen artean). Lekuotan ezingo da ibilgailua utzi, eta aparkatuta daudenek kendu beharko dute.

Dena dela, zirkulazioan aldaketa gehienak azaroaren 3an bertan egingo dituzte. Hala, San Mames inguru guztia trafikora itxi da, 16:00etatik ekitaldia guztiz amaitu arte, azaroaren 4ko 00:30 arte, gutxi gorabehera. Hori horrela, ibilgailuek itxita topatuko dituzte kale hauek: Felipe Serrate, Ventosa bidea, Luis Briñas (Felipe Serrate eta Zunzunegui artean), Urkixo Zumarkalea (Sabino Arana eta Luis Briñas artean)

Era berean, jendea San Mameseko estadiora iristen denean, eta betiere inguruan dagoen jendetzaren arabera, futbol partida egunetan egin ohi diren trafiko mozketak egin ahalko dira honako kale hauetan: Zunzunegui kalea (trafikoa autopistaren irteerara,Gurtubay aldera, bideratuko dute), Trenbidearen Etorbidea (handik doan trafikoa Sabino Aranara, Autonomia aldera, bideratuko dute), Luis Briñas eta Perez Galdos kaleen arteko bidegurutzea, Sabino Arana (erabat itxita egongo da Jesusen Bihotza Plazaren eta Zunzunegui Etorbidearen arteko eremua) eta Urkixo Zumarkalea (Maria Diaz de Haroko kalearekin bidegurutzea).

Zirkulazio aldaketak Barakaldon

Ezkerraldeko hiri honetan izango dira MTV Music Week-en lehen kontzertuak, urriaren 29an. Egun horretan ibilgailuek itxita edukiko dituzte Elkano eta Karranzairu kaleak (15:00etatik 00:00etara). Horrez gain, ezingo da sartu Aldapa kalera (San Juan eta Batzar Nagusien kaleen arteko tartean) eta Batzar Nagusien kalera (Zaballa kale ingurutik). Aldapa kaletik datorren trafikoa San Juan eta Zaballa kaleetatik bideratuko dute.

Arrontegiko auzoan ere aldaketak izango dira. Arrandi kalea itxita egongo da, Arrontegitik Pormetxeta kalera doan tartean. Pormetxeta kalea ere zarratuta egongo da, San Juan kaleko bidegurutzeraino. Arrandi kaletik datozen autoak Maria Auxiliadora kaletik bideratuko dituzte, noranzkoa aldatuta.

Aldaketok eragina izango dute Bizkaibusek eta Kbus hiri autobusek eskaintzen duten zerbitzuan. Informazio gehiago, Barakaldoko Udalaren webgunean.

Eragina Durangon eta Getxon

Urriaren 30ean Durangoren txanda izango da, Mala Rodriguez, NathyPeluso, Brisa Fenoy eta Aneguria taldeek Landakon eskainiko duten kontzertuan. Jendetza espero denez, hainbat aldaketa egingo ditu Udalak: Landako Guneko lurrazpiko aparkalekua itxita egongo da egun osoan. Horrez gain, izen bereko plaza zarratuta egongo da 11:00etatik kontzertua amaitu arte. Azkenik, Landakotik Muruetatorrera joateko ezingo da ezkerretara biratu (Elkartegi parean), 12:00etatik 00:00etara.

Urriaren 31n Getxok hartuko du lekukoa. Han ere trafiko moldaketak egingo dituzte MTV Music Week-en kontzertuak tarteko.