Herriak eta Hiriak
Bilbo
Euskalduna zubia konpontzeko lanek lau hilabete iraungo dute
Agentzia | Erredakzioa
450.000 euroko aurrekontuarekin, datorren astean ekingo diote lanari. Aldundiaren arabera, arazo 'estetikoa' da, egitura ondo baitago. Oposizioak zalantzan jarri du hori.
-
Bizikletek eta mugikortasun mugatua dutenek ezin dute Euskalduna zubia erabili. Argazkia: EiTB
Ekainaren 28tik, zarratuta dago Bilboko Euskalduna zubiko oinezko pasabidea, egituran irristatze bat izan eta gero. Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, datorren astean hasiko dira konpontzeko lanak, eta hiruzpalau hilabetez luzatuko dira. Hori horrela, dena ondo bidean, 2019ko otsailean zabalik egotea espero dute.
Iragarpena Imanol Pradales Garapen Ekonomikorako diputatuak egin du, Batzar Nagusietako batzordean. Pradalesen esanetan, arazo "estetiko" baten ondorioz gertatu zen irristatzea, eta egitura ondo dago.
Azaldu duenez, zubiaren oinezko pasabidea markesinan "arazo estetiko" bat konpontzen arituko dira datozen lau hilabeteotan. Horrez gain, Deustuko zubi-brankan zutoinak jarriko dituzte, "prebentzio neurri gisa".
Ekainaren 28 hartan arrakala agertu zen zubiaren estalkian. Ordu batzuez guztiz itxita egon zen, eta egunean bertan, ibilgailuentzat zabaldu zuten berriro. Oinezkoentzat eskailerak baino ez daude erabilgarri, maldak itxita jarraitzen baitu. Horrek txirrindulariei eta mugikortasuna mugatua dutenei "eragozpenak" eragiten dizkiela aitortu du diputatuak.
Pradalesek egin dituzten azterketa teknikoak xehatu ditu. Horren hitzetan, zubiaren estalkiko txapa metaliko bat apurtu zen, "mugimendu mekanikoak eta termikoak eraginda". Diputatuak ukatu du arrakala "finkatze arazoekin" zerikusirik duela.
Gogorarazi duenez, iraganean egitura arazoak eduki zituen zubiak, baina 2013tik, "egin diren neurketen arabera", ez dago horrelakorik eta lurzorua "egonkortuta dago".
Euskalduna zubia 1997an eraiki zuten, eta Bilbora sartzeko bideetako bat da.
Oposizioaren zalantzak
Pradalesen azalpenak zalantzan jarri dituzte Jesus Isasi, Nuria Atienza eta Joseba Gezuraga, hurrenez hurren, PPko, Podemoseko eta EH Bilduko ordezkariek. Euren aburuz, "ez da ulergarria arazo estetikoa bakarrik izanda, zutoinak jartzea". Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeramaileak gogorarazi duenez, bestalde, Euskalduna zubiaren azpian dauden lurrak "padura bat izan ziren eta finkatzea korapilotsua izan daiteke". Hori horrela, ezein lan egin baino lehen egin beharreko azterketa guztiak egiteko deia egin dio Foru Gobernuari.