Herriak eta Hiriak
GAZTETXEA Iruñean
Segurtasunagatik atzeratu zen Maravillas gaztetxearen hutsaraztea, Barkosen esanetan
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako presidenteak jakitera eman duenez, "ehunka lagun, adingabeak tartean, zeuden plazan eraikin okupatua utzarazteko egunean", eta "zuhurrena herritarren segurtasuna babestea" izan zen.
-
Maravillas gaztetxea. Argazkia: EFE.
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak Foru Parlamentuan, gaur (osteguna), jakitera eman duenez, herritarren segurtasuna babestu nahi izan zuen Maravillas gaztetxea hutsarazteko egunean.
Barkosek horrela erantzun dio Nafarroako PPren taldeari, Ana Beltran bozeramaileak haren /dimisioa eskatu ostean, Nafarroako Gobernuari utzikeria egotzi baitio.
Beltranen hitzetan, Nafarroako presidentearen zeregin nagusien artean "delituak jarraitzea" dago, eta eraikina hutsarazteko atzerapena erabaki "arbitrarioa eta bidegabea" izan zen.
Abuztuaren 17an, "epaileari legea ez betetzeko eskaria egiten ikusi genion Gobernuko presidenteari"; ondorioz, Nafarroako Gobernuak "legeak hausten ditu eta iseka egiten digu denoi", esan du Beltranek.
Beltranen hitzetan, egun horretan "etxe-okupatzaileak" indarrez aterarazi behar zituzten eraikinean berriro sartu zirenean, baina Barkosek "amore eman zuen", ez baitzuen polizia eraikiaren aurrean utzi "mehatxuak jaso" zituelako.
Barkosen esanetan, hartutako erabakia "egokiena, zuhurrena eta seguruena" izan zen.
"Interes orokorren alde egin genuen", une hartan herritarren segurtasuna "eraikin publiko baten okupazioa baino garrantzitsuagoa zela uste genuelako".
Hori dela eta, Gobernuak okupazioa babesten duela esatea "arduragabekeria hutsa" da, eraikin okupatua hutsarazteko egunean "ehunka lagun, adingabeak tartean, zeudelako bertan".