Herriak eta Hiriak
Sanferminak
Jandillako zezenek entzierro arriskutsua egin dute, gazte bat adarkadaz zaurituta
eitb.eus
Zezen batek adarkadaz zauritu du korrikalari bat, ezkerreko besoan, Udaletxeko plazan sartu baino lehen. 2 minutu eta 24 segundotan osatu dute ibilbidea. Bost pertsona eraman dituzte ospitalera.
Jandilla Extremadurako ganadutegiko zezenak 2018ko sanferminetako zazpigarren entzierroaren protagonistak izan dira, eta lasterketa arriskutsua eta arina egin dute, gazte bat adarkadaz zaurituta.
Zezenek 2 minutu eta 24 segundo behar izan dituzte Santo Domingotik zezen plazara heltzeko, bidean tentsio handiko uneak sortuta.
Momentura arte, bost pertsona eraman dituzte ospitalera. Horietako bati adarkada eman dio zezenak ezkerreko besoan, Udaletxeko plazan sartzeko dagoen bihurgunean.
Zezen taldea bat eginda abiatu da, joaldunek lagunduta, Santo Domingoko kortatik. Alabaina, handik metro gutxira, zezen beltz batek aurrea hartu dio taldeari, eta lehenengo arrisku uneak sortu ditu.
Argazkia: EFE
Udaletxeko plazan sartu aurretik dagoen bihurgunean, animaliak eskuineko hesiaren aurka jo du, aurretik topatu dituen korrikalariak ezker-eskuinera bultzatuta, baina horietako bat harrapatu, adarkadaz zauritu eta hainbat metrotan bultzatu du, bere gerrikoa adarrean eramanda.
Mercaderes kalea arazorik gabe zeharkatu ondoren, aipatutako zezen horrek hesiaren aurka talka egin du Estafetako bihurgunean, bidean aurkitu duen gazte bat zanpatuta eta, ondoren, lurrera erorita. Eroriko horrek lasterketa apur bat moteltzea eta zezen taldea luzatzea eragin du.
Jandilla hori bere lagunengandik atzean geratu da, eta zezen taldeko burua joaldunek berreskuratu dute, Estafeta kalea korrikalariei oldartu barik igarota. Hala, lasterkariek hutsuneak topatu dituzte zezenen artean, eta adarretara hurbiltzeko aukera izan dute.
Estafetako azken zatia bi taldetan egin dute, joaldunak lau zezenekin, batetik, eta gainerako biak metro batzuetara.
Argazkiak
Halaber, Telefonica eta kale zuloa zeharkatu dute, eta han zenbait korrikalariren erorikoak ikusi ahal izan dira. Modu horretan sartu da taldea zezen plazan.
Aurreko lau zezenak berehala sartu dira kortan, eta atzetik zetozen zezenetako batek estropezu egin du lurrean zegoen gazte batekin, baina ez du horren kontra egin. Hala, arazo gehiagorik gabe, ukuilutan sartu dira guztiak.
18 urte daramatzate Jandilla ganadutegiko zezenak sanferminetan parte hartzen. 108 zezen hil dituzte zezenketetan, eta, oraingoan, zortzi zezen eraman dituzte plazara. Gehienak beltzak dira, eta 500 eta 565 kg artean pisatzen dute.