Herriak eta Hiriak
NBEren Helburuak
Trokoizko Geroa Eskolako ikasleek gosearekin amaitzeko kanpaina bat abiatu zuten
eitb.eus
Heziketa zentroko gazteek elikagaiak biltzeko kanpaina bat martxan jarri zuten maiatzean, eta horrela, Garapen Iraunkorrerako Helburuen bigarren jomuga babestu dute.
-
Geroa Eskolako ikasleak Garapen Iraunkorrerako Helburuak babesten. Argazkia: UNESCO Etxea.
Trokoizko (Araba) Geroa Eskolako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) babestu dituzte maiatzean zehar, UNESCO Etxeak antolatutako tailerren bitartez, 2030 Agendari eta Garapen Iraunkorrerako Helburuei buruzkoak hain zuzen.
NBEk ezarritako bigarren helburua, gosea amaitzea, babestu dute ikasleek. Horretarako, gazteek elikagaiak biltzeko kanpaina bat diseinatu eta abiatu dute eskolan bertan. Bildutako jaki guztiak Arabako Elikagaien Bankura eraman dituzte, eta, era berean, elkartearen funtzionamendua zuzenean ezagutzeko aukera izan dute.
UNESCO Etxeak bultzatutako ekintzen parte da honakoa, eta honen helburua da herritarrak sentsibilizatzea, gizartean inplikazioa izatea eta herritarrak giza garapen iraunkorren inguruan sentsibilizatzea, 2030 Agendaren bitartez. Proiektuak Arabako Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa izan du.